Aritz Ortiz zinegilearen La Rusa (2018) pelikula estreinatu dute gaur Filmin, FlixOle eta Amazon Prime Video plataformetan. Zuzendari bergararraren lehen film luzea da, Extremaduran igarotako udak abiapuntu hartuz, paisaia abandonatuak eta landa-eremuetatik hirietara egindako emigrazioen ondorioz hustuta geratzen ari diren zonaldeen erretratua egingo duena. Datozen asteetan Amazon Prime Video zerbitzuaren bitartez 100 herrialde baino gehiagotan ere egongo da ikusgai.

Filma 2016ko uztailaren bigarren hamabostaldian filmatu zen Ortizek, izan ere, bere haurtzaroko oroitzapenetatik abiatuta, giroari eta paisaiari fidel mantentzeko bide aproposena izan zela adierazi du bergararrak. Klimaren gogortasuna islatu nahi izan du lehen ekoizpen luze honetan: “Beti sentitu izan naiz liluratuta udan Extremaduran ematen diren paisaiekin, beroa ia ikusi ere egin daiteke, tonu okreak antzeman daitezke landetan, artoaren laborantzan edo lur-eremu handietan”.

La Rusa filmak etsipena du gai nagusi, eta landa-eremuetan garatzen den thriller itxura dauka, “protagonistak mugara eramaten dituena”: Tito langabezian dagoen 50 urteko gizona da, eta bere bizitzak zentzua galdu du. Bere herrira itzultzea erabakiko du, eta behin iritsitakoan, konturatuko da bere lagun ohiak ere antzeko egoeran daudela. Izan ere, Crespotarrek beldurra zabaldu dute bizilagunen artean. Arnasa ahitua duen herri batean, Titok Svitlana ezagutuko du, “La Rusa” (Errusiarra), eta bat-batean, dena alda daitekeela dirudi…

Monika Kowalska, Xosé Núñez, Manuel Larrea eta Eduardo Rosa dira aktore nagusiak, eta Israel Seoane arduratu da argazki-zuzendaritzaz. Martín Jimenéz Sánchezek konposatu du soinu banda, eta lanak ordubeteko iraupena dauka. Hainbat zinema jaialditan lehiatu ostean, Filmin, FlixOle eta Amazon Prime Video plataformetan dago gaurtik aurrera ikusgai, eta datozen asteetan Amazon Prime Video zerbitzuaren bitartez 100 herrialde baino gehiagotara zabalduko dute.