Leitzako Udalak hitzarmena sinatu du Labrit Ondarearekin COVID-19ak sortutako ezohiko egoera honetan bizitakoak bildu, gorde eta herritaratzeko. Hilabete hauetan bizitako esperientziaren bilketa egingo dute, babesa eta transmisioa bermatuz ikuspuntu historiko, antropologiko eta gizatiar batetik.
Udalerriko egunerokoa guztiz aldatu da aste hauetan. Jenderik gabeko kale hutsak, irekita gelditutako saltokietako ilarak, zigilu pean dauden parkeak, galtzada-harri tradizionalen zirrikituetan hazitako loreak eta maiz balkoira ateratzen diren herritarrak normaltasunera noiz bueltatuko zain.
Bakardadea, asperdura edota antsietatea sortu diguten egunak dira… Baina ekimen positibo eta berritzaileak ere ekarri ditu Koronabirusak: gehien kaltetutako pertsonei laguntzeko boluntario sarea, bideo kolektiboak, distantzian idatzitako abestiak edo, orain inoiz baino gehiago, bertako produktuen kontsumoa sustatzeko auzolanean oinarritutako “Baserritik etxera” bezalako proiektuak.
Leitzako Udalak etorkizuna guztiz aldatuko duen momentu historikotzat jo du bizitzen ari garena, eta istorio guzti hauek biltzea helburu duen ekimena abiatu berri dute. Zenbait hamarkada barru memoria hori sakonean ezagutu eta ezagutarazteko, eta inoiz praktika egokien eredu izan diren horiek gogoratu eta beharrezkoa balitz berreskuratzeko.