Mikrofilm Short Festival – Plentziako Nazioarteko Metraje Laburreko Filmen Lehiaketako antolatzaileek bederatzigarren edizioa bertan behera utzi dute. Koronabirusaren krisialdiak eraginda, 2020ko uztailean ez dute genero beltza oinarri duen jaialdia ospatuko.

Polizia-filma, neo-noirra, terrorea, komedia beltza, suspensea zein thrillerra izan ohi dira Plentziako Mikrofilm Short Festival zinema jaialdiko ildo nagusiak, baina errealitateak fikzioa gainditu duela adierazi dute antolatzaileek: “Zoritxarrez, aurtengo tentsioa fikzioa alde batera utzi eta benetan izorratzera, banatzera eta suntsitzera etorri den Mikroorganismo batek jarri du, bai, paradoxikoki gu berrerosteko edo hobetzeko ere aukera eman diezagukeena, baina batek daki…”.

Hala, uztailean bederatzigarrenez ospatzekoa zen ekitaldia, “ezagun zein ezezagunen arteko topaketa” izan behar zuena, bertan behera uztea erabaki dute. Ondorioz, Maria Magdalena elizako atarian ez dute filmik proiektatuko aurten.

Irakurri komunikatua, hemen.