Jasone Urgoitia Urrutiak zuzendutako Lekitxoko Etxea lanak film labur narratibo onenaren saria eskuratu du Demetera Paris Short Film Festival zinema jaialdian. Gainera, Cannesko jaialdiaren baitan egin ohi duten Diversity in Cannes Short Film Showcase atalean lehiatzeko ere hautatu berri dute zinegile getxoztarraren lana.

Itziar Ituño eta Maitena Salinas aktoreek haragitutako Janire eta Maitane dira Lekitoko Etxea film laburreko protagonistak. Urtebetez elkarrekin hitz egin ez duten ahizpak dira, beraien aitona hiltzean, Lekeition familia-etxearen oinordeko bilakatuko eta etxearekin zer egin erabakitzeko elkartuko direnak. Ahizpek beraien desira kontrajarriei aurre egin beharko diete…

Ugoitiaren lana maiatzaren 8tik 10era bitartean ospatu duten Parisko Demetera zinema jaialdian lehiatu da, eta film labur narratibo onena izendatu dute epaimahaikeek. Koronabirusak eraginda, Youtube bidez proiektatu dituzte filmak aurten.

Horrez gain, Cannesko jaialdiaren baitan egin ohi duten Diversity in Cannes Short Film Showcase atalean lehiatzeko aukeratu dute lana, baina ikusteke dago aurtengo ekitaldian zein garapen izango duen. Izan ere, Thierry Frémaux arduradun nagusiak edizio presentzialik (eta birtualik ) aurten egongo ez dela baieztatu zuen iragan astean. Hala ere, ekainean iragartzekoa duten behin betiko filmen hautaketaren parte direnek Cannes Label delakoa erabili ahalko dute, eta printzipioz, Lekitxoko Etxea lanak ere horretarako aukera izango luke.