EHAAk – Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratu du  COVID-19 gaitzak eragindako Alarma Egoerarengatik jarduera eten behar izan duten kulturako profesionalentzako diru-laguntza deialdia. Eusko Jaurlaritzak zozketa bidez erabakiko du zer ordenatan aztertuko dituen eskariak.

Lanbidek eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sustatu dute ‘Kulturako profesionalei laguntzeko’ programa hau, eta 2,5 milioi euroko aurrekontua izango du. Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak iragan apirilaren 29an onartu zuen deialdia. Egoitza pertsonala eta fiskala Euskadiko Autonomia Erkidegoan duten, adinez nagusiak diren eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean artisten jarduera profesionala duten profesionalak izango dira onuradunak, baldin eta COVID-19 gaitzaren ondorioz  beren jarduerak eta programak bertan behera utzi behar izan badituzte.

Deialdi honen bitartez kulturako profesionalen ekonomia-jarduera lagundu nahi da, jakinda haien kultura-jarduera neurri handi batean eten behar izan dela azken asteotan. Laguntza horiek jaso ditzaketen sortzaileak era esklusiboan aritu behar dira profesionalki aitortutako kultura-jardueran, haien diru-sarreren % 60 hartatik eskuratzen dutela frogatuaz.

Laguntzen zenbatekoa

Arau orokor gisa, laguntzaren hileko zenbatekoa hauxe izango da: 2019an izandako dirusarrera garbien hileko batez bestekoaren % 70aren baliokidea (betiere kultura edo arteari lotutako jarduera kontuan hartuta). Hala, gehienez ere 1.200 euro jaso ahal izango dituzte hilabete bakoitzeko. Pertsona eskatzailea kultura edo artearen arloan profesionalki 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko martxoaren 13ra hasi bada, aldiz, zenbatekoa 950 euro/hilabete izango da (gutxieneko soldata, alegia).  Halaber, adierazi dute laguntzaren iraupena  2020ko martxoaren 14tik Alarma Egoera bukatzea eta kultura- zein arte-arloko ekitaldi kolektibo presentzialetara itzultzea baimentzen den egunera arte iraungo duela. Data aukerarik planteatzen ez badute ere, gehienezko epe bat ezarri da: 6 hilabete.

Izapidea

Dirulaguntzak jasotzeko eskaerak gaur abiatutako hamar eguneko epean jasoko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitartez. Epea amaitzean, eskaera bakoitzari zenbaki bat emango diote, eta Jaurlaritzak zozketa bidez erabakiko du horiek zer ordenatan aztertu.

Joxean Muñoz Kultura Sailburuordeak azaldutakoaren arabera, kudeatzaile trebeenak direnen edota prozedura telematikoak hobekien ezagutzen dituzten horiek lehentasuna ez izatearen bermea ziurtatuko du neurriak, esperientzia gutxiago duten horien alde. Hamar eguneko epea izango da denentzat, eta gero notario aurreko zozketa batek erabakiko du nondik abiatu dossierren azterketa.