‘Zirelako: zinema eta memoriak’ eztabaida eta ikuspegi kritikoa sustatzeko helburua duen film laburren emanaldia atzeratu egin dute. 2020ko martxoan zen ospatzekoa, baina lanak maiatzaren 28an eta 29an jarriko dituzte ikusgai, ekimenaren webgunean.
Zinemaren bidez, memoria landu eta giza eskubideen urraketei buruzko orotariko ikuspuntuak landu eta zabaltzea da Gasteizko Udalaren Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak ZINHEZBA Elkartearekin batera burutuko duen ekimenaren helburua. Sortzaileek 2019ko abenduaren 6a baino lehen aurkeztu behar izan zituzten beraien lanak, eta jasotako proposamen guztien artean hautatutako 20 film irabazleekin 2020ko martxoan aurreikusita zuten aurtengo ekitaldia ospatzea.
Koronabirusak eragindako alarma-egoera dela eta, baina, errepresio frankistaren biktima diren gasteiztar guztiei errekonozimendua emateko egunaren testuinguruan egitea aurreikusita zegoen Zinema eta Memoriei buruzko Erakustaldia online formatura egokitzea erabaki dute antolatzaileek. ZIRELAKO ekimenaren webgunean jarriko dituzte lanak ikusgai maiatzaren 28an eta 29an, eta azken egunerako epaimahaikideekin eta lanen egileekin antolatutako solasaldia prestatu dute, 19:00etan.
Filmak jatorrizko bertsioan proiektatuko dituzte, euskarazko edo gaztelaniazko azpitituluekin. Hitzaldi-solasaldia elebiduna izango da; parte-hartzaile bakoitzak bi hizkuntzetako edozeinetan komunikatu ahal izango du.
Ikus-entzuleek publikoaren saria aukeratu ahal izango dute wbgunean bozkatzeko propio prestatutako galdetegi baten bidez. Lan irabazleak Gasteizko Udaleko Bizikidetza eta Aniztasunerako Zerbitzuaren aitorpena jasoko du, baita hura zabaltzeko konpromisoa ere.
Informazio gehiago, hemen.