Luze dirau konfinamenduak. Lehenengo egunetan kultur programazioa irauli egin zuela ikusi genuen, eta eragileek beren edukiak modu librean partekatzen erantzun zioten. Bederatzigarren astea dugu, baina, eta hasierako elkartasun guzti hori alde batera utzita, ZINEAn ikus-entzunezkoen sektorean guzti honek eragin dituen ondorio eta kalteak bildu eta ikusaraztea interesgarri izan daitekeela uste dugu. Hain zuzen, salbuespen egoera honen argi-ilunak bizi izan ditu ondorengo protagonistak:

Egoeraren larritasunean, zorionez, eskuartean duen NORA filmaren azken fasean, post-produkzioarena, harrapatu du gaitzaren agerpenak Lara Izagirre zuzendari bizkaitarra. Aldatu behar izan du lan egiteko modua, moldatu behar izan ditu erritmo eta helburuak, baina pozik dago gutxinaka-gutxinaka filma aurrera doala ikustearekin.

Eten egin behar izan dute musikaren grabazioa, eta soinu eta kolore nahasketak egiteko estudioaren ateak ere itxita daude. Zorntzarrak azaldu digu, ordea, ilusionaturik eta itxaropentsu harrapatu dituela Gariza Films ekoiztetxeko kideak aparteko egoera honek, harro daudela filmak eskainiko dituen irudi, paisaia eta antzezlanekin, eta uste duela epe laburrean amaitzeko gai izango direla.

Zuzendari eta gidoilari bezala landutako bigarren film luzea du, Un Otoño sin Berlin (2015)lanak izandako arrakastaren ostean. Ane eta Peru. Maitasun istorio bat piper artean izena zuen gidoiarekin eman zituen Izagirrek proiektu honen lehen urratsak. 2016an Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso zuen gidoia garatzeko, eta 2018a aurre-produkzioa egiteko baliatu zuen. Hala, izenburua ez ezik (Ane eta Peio izan zen gero, eta egun Nora du izenburu), bestelako aldaketa eta egokitzapenak ere jasan ditu proiektuak.

Besteak beste, 2018ko Donostia Zinemaldia baliatu zuen zinemagileak koproduktoreak eta lanarekin bat egingo zuten agenteak topatzeko. Urruñan egoitza duen La Fidele Production ekoiztetxearekin sortutako elkarlana izan da gakoa, Bizkaian ez ezik, Lapurdiko hainbat txokotan ere kokatu duelako trama.

Nora filmak emakumeen identitatea eta zaintza jorratuko ditu, zuzendariak  roadtrip bezala definitu duen kontakizun eredu baten bitartez. Ane Pikaza aktorea (Vitoria 3 de Marzo, Jesus is black) izango da bidaiari eta protagonista, Zornotzatik Ezpeletara, eta ibilbide laburra izango bada ere, aldaketa handiak ekarriko dizkio neskari. Besteak beste, Ramon Barea, Clara Badiola, Loli Astoreka eta Joseba Usabiaga aktoreek antzeztutako pertsonaiekin egingo du topo.