Koldo Almandozek 2018an aurkeztutako Oreina filma proiektatuko dute gaur gauean, 22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en. Hiria, industria-giroa eta natura elkartzen dituen hiri-periferia bateko hainbat pertsonaiaren istorioak jasoko ditu.

Almandozek mundua begiratzeko duen modu berezkoa erakusten duen film garaikidea da Oreina (2018). 2017ko amaieran errodatu zuten, euskaraz, Gipuzkoa zein Nafarriako zenbait herritan, eta toki periferiko horietako biztanleak izango dira pelikularen ardatza. Hala, hiri-bizitza, industria giroa eta natura gurutzatuko ditu donostiarraren lehen fikziozko filmak: urteetan elkarri hitzik egin ez dioten bi anaia; paduran zehar, noraezean dabilen mutil gazte bat; bere lana modu zuzen eta arduratsuan egiten tematua dagoen basozaina; edota eremu berrietara hegan egiteko desira duen neska gaztea.

Filma Txintxua Films etxearen ekoizpena da, eta ETBren partaidetza zein Eusko Jaurlaritzaren, ICAAren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetza izan ditu bidelagun. 2018ko Donostiako Zinemaldian hartu zuen parte, New Directors sailean, eta edizio bereko Euskal Zinemaren Irizar Saria jaso zuen. Horrez gain, hamaika arrakasta jasotakoa da, egindako estreinaldi komertzial eta gauzatutako nazioarteko ibilbidean.

ETBren euskarazko kanalean zein eitb.eus-ek eskainitako online kanalean proiektatuko dute gaur, 22:30etik aurrera. Ondoren, EiTBko Nahieran plataforman izango da ikusgai bi astez.

0