NIFF – Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren bigarren edizioa ospatuko dute aurten Meliton Estudioen, La Caixa taldearen gizarte ekintzaren eta Caja Navarra Fundazioaren ekimenez. 2020ko irailaren 3tik 5era egingo dute jaialdia eta ezgaitasuna zein feminismoari buruzko mahai-inguruak antolatuko dituzte.

Zinegileak, artistak, kazetariak eta jorratuko dituzten arloetako profesionalak elkartuko dituzte sail ofiziala osatuko duten filmetan mintzo diren gaiak oinarri izango dituzten solasaldietan. Helburua, ikus-entzuleengan hausnarketa sortzea eta istorioak pantailatik haratago eramatea dela diote antolatzaileek. Hala, herritarren partaidetza bultzatu nahi dute, adituekin hartu-emana izan dezaten.

Ezgaitasunei eskainitako hitzordua María Sanz de Galdeano Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroko koordinatzaileak gidatuko du, eta Jon Sistiaga kazetaria, Angel Aita Bakearen Mezulariak elkarteko kidea, dibertsitate funtzionalarekin lotutako ikus-entzunezko hainbat proiektu bultzatu dituen Antonio Centeno eta David Erice Nafarroa ASPACE elkarteko presidentea ariko dira hizketan.

Feminismoari buruzko mahai-inguruak, bestalde, Belén Galindo kazetaria izango du moderatzaile. Gabriela Calvache gidoilari eta zinegileak, Amaia Merino muntatzaileak, Carlota Pereda zinema zuzendari eta gidoigileak, eta María Manero animaziozko zineman adituak hartuko dute hitza.

Solasaldiak filmen NIFF jaialdiko sail ofiziala osatuko duten proiekzioen ostean egingo dituzte, oraindik ere zehazteke dauden ordutegi eta espazioetan.

Informazio gehiago, hemen.