Cervantes Institutuak eta Espainiako Zinema Akademiak ‘Clásicos contigo’ zikloa jarri dute gaur martxan. Uztailaren 10era bitartean, espainiar zinemagintzako 11 film klasiko eskainiko dituzte doan eta online. Aukeraketan Hego Euskal Herriko zinegileen lanak ageri badira ere,  ez da euskarazko lanik edo emakumeek zuzendutako pelikularik ere.

Mariano Barroso Espainiako Zinema Akademiako presidenteak eta Cervantes Institutuko kideak iragan maiatzaren 1ean aurkeztu zuen ‘Clásicos contigo’ zinema zikloa eta gaur ekingo dio uztailaren 10era bitarteko programazioari. Helburua gaur egun erreferentziazko lan gisa kontsideratuta dauden ekoizpenak berreskuratzea eta ikus-entzuleekin harremanetan jartzea izanik, zinema espainiarra munduan ezagutzara emateko egitasmoan 11 film eskainiko dituzte Cervantes Institutuko Vimeo kanalean eta honek nazioartean dituen zentroetan.

Juan Antonio Bardemek 1956an zuzendutako Muerte de un ciclista filma izango da egitarauari hasiera emango diona, eta 48 orduz egongo da ikusgai. Asteazkenaz geroztik, ordea, Carlos Bardem aktoreak prestatu duen aurkezpena ere ikus dezakete zinemazaleek. Antolatzaileek ostiralero film bana ahalbidetuko dute, dagokion aurkezpenarekin, eta tarten Hego Euskal Herriko ekoizpenak ere programatuko dituzte, euskarazko lanik ez ordea.

Ekainaren 12an Victor Erice zinegile eta artista bizkaitarraren El espíritu de la colmena (1973) eta El sur (1983) jarriko dituzte ikusgai; uztailaren 3an Montxo Armendariz nafarraren Tasio (1984); eta zikloari bukaera emateko, San Salvadorren (El Salvador) jaiotako Imanol Uriberen El viaje de Carol (2002) aukeratu dute.

Euskararen faltaz gain, emakume zinegileen lanik egongo ez dela ere aipagarria da. Aurkezpenei dagokienez, maiatzaren 22tik aurrera ikus daitekeen Luis Buñuelen Viridiana (1961) pelikula Arantxa Etxeberria zinegile bilbotarrak aurkeztuko du.

Zikloari buruzko informazioa, hemen.