Iñigo Urkullu Lehendakariak hiru diputatu nagusiei, hiriburuetako alkateei eta Eudeli aurkeztutako proposamenaren arabera, ekainaren 1ean abiatuko litzateke udako kultura-ekitaldiak, jai-ekitaldiak eta bestelako jarduera soziokulturalak antolatu eta garatzeko baimen-aldia.

Iñigo Urkullu Lehendakaria proposamen bat aurkeztu die hiru ahaldun nagusiei eta Gasteizko –kasu honetan Eudeleko presidente gisa ere–, Bilboko eta Donostiako alkatei, udan kultura-ekitaldiak, jai-ekitaldiak eta bestelako jarduera soziokulturalak antolatzeko eta garatzeko irizpide zehatzak jasotzen dituena. Eusko Jaurlaritzaren helburua da irizpide horiek ekainaren 1etik aurrera ezartzen hastea eta, ondorioz, data horretatik aurrera hasiko litzateke Euskal Autonomi Erkidegoan uda kulturala. Dokumentua Osasun Sailaren txosten gehigarri baten zain dago, Eudelek eskatuta; izapide hori gainditu ondoren, irizpide horiek Bizi Berrin integratuko dira, Eusko Jaurlaritzaren Normaltasun Berrirako Trantsizio Planean.

Lehendakariak azaldu duenez, euskal erakundeek asteak daramatzate lanean datozen hilabeteotako bizimoduaren nondik norakoak aztertzen eta lantzen, eta aztertu dituzten kontuen artean, elkarlanean aritu dira adosteko kultur ekitaldiak, jai herrikoiak eta bestelako ekimen soziokulturalak egiteko baldintzak.

Hainbat arlo eta neurri

Horrela, dokumentuaren helburua da erakundeen artean irizpide argi eta zehatz batzuk finkatzea, modu adostuan, eta hainbat arloren martxa hartze eta jardunean izango du eragina: museo eta erakusketa aretoak, zinema jaialdi jendetsuak, antzoki eta areto itxietarako emanaldiak, kaleko emanaldiak…

Adostuko diren irizpideen oinarriak, aldiz, honako hauek izango dira: pertsonen arteko gutxieneko tartea mantendu eta jende pilaketa handiak ekiditea; garbitasun arauak zorrozki bete eta betearaztea; pertsonen joan-etorriak mugatzea eta garbitasuna bermatzea. Babes neurri horiek bermatu ezin dituzten ekitaldiak bertan behera uztera deitu dituzte eragile eta erakundeak, eta, halaber, bertan behera geldituko diren horien ordez, kulturaren kontsumoa eta asialdia posible egingo duten ekimenak bultzatu eta antolatzera animatu.

Irizpide horiek kulturaren, kirolaren eta aisialdiaren arlo ezberdinetako ordezkariekin egin diren bileretara eraman dira, eta kontrastea egin dute. Prozesu horren ondorioz protokolo zehatzak finkatu dira, oraingoz, museotarako, liburutegi eta ikasgeletarako, zine-aretoetarako eta kirol emanaldietarako. Erakundeen helburua da protokolo horiek arlo guztietan adostu eta Osalanera bidaltzea, bakoitzak bere fitxa izan dezan, Lan eta Osasunaren arloko prebentzioari lotutako berme osoa izan dezaten.

Hala, helburua da irizpide horiek ekainaren 1etik aurrera indarrean sartzea; hortaz, ekainaren batetik hasiko da Euskadiko uda kulturala: irekiko dira Euskadiko museoak, kulturgunea, liburutegiak, irakurgelak, zine aretoak eta hasiko dira antolatzen, apurka-apurka, kultur emanaldiak, beti ere osasun eta segurtasun baldintzetan.