Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak zuzeneko mahai-ingurua eskainiko du maiatzaren 8an (ostirala) bere Vimeo katean. Maider Oleaga, Maider Fernandez eta Leire San Martin ariko dira hizketan 19:00etatik aurrera, eta filmen erreferenteak, zinema-genealogiak, proiektuak eta pasarte gustukoenak komentatuko dituzte. Saioa Lur Olaizolak gidatuko du, eta euskara hutsean izango da.

Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa bizi dugun osasun krisialdi egoerari aurre egiteko kultur eskaintza zabala luzatzen ari da, hala, #TabakaleraEtxean traolapean, prestatu dituzten ekimenak zuzenean streaming bidez jarraitzeko aukera ematen ari da. Horien artean, Noka Mentoring mahai-ingurua.

Apirilaren 17an ekin zioten Tabakalerako Vimeo katean emakumezko profesionalen topaketak eskaintzeari, eta Lur Olaizolak gidatutako “Hiru begirada. Hiru pasarte” saioan Irati Gorostidi, Lara Izagirre eta Elena Lopez Rierak parte hartu zuten. Maiatzaren 8an laugarren saioa egingo dute, eta Leire San Martin (Feministaldia, Kultura Feminista Jaialdiko koordinatzailea eta Tabakalerako hezkuntza arduraduna) zein Maider Oleaga eta Maider Fernandez zinegileak ariko dira hizketan.

Hiru hizlariek film bateko beraien pasarte gogokoenak ezagutaraziko dituzte 19:00etan, eta ikus-entzuleek beraiei galderak egiteko aukera izango dute zuzenean. Saioa euskaraz izango da.

0