Iraganera itzulita
Azaroaren hasieran estreinatu zuen Lur Olaizolak Xulia (Espainia, 2019) Zinebin. Zuzendariaren lehen laburmetraia da, zeinak desintoxikazio zentro batean egondako emakume baten erretratua egiten duen, iraganetako aztarnetan zehar. Hiru Damatxok ekoitzitako lanak bere ibilbidea egin du Gijongo Zine Festibalean eta azkenengoz, Kresala zineklubean. Martxoaren 3an ikusi ahal izango dugu Iruñeko Punto de Vista jaialdian, beste euskal lan batzuekin batera.
Hitz errepikakorren bukleak irekitzen du filma. Ahoskera perfektua da, guk geuk egin genezakeena baina hobea. Jarraian tartekatzen dira hainbat elementu narrazioaren bidea eramanez: Lois Pereiro poeta galiziarraren hitzak, oroitzapen epistolarrak, artxiboetako irudiak, memoriaren paisaiak. Eta lehenaldia kontatzen duten irudi horiek hemen eta orainetik begiratuta daude, egungo Biurgun herriko beste kanpo paisaietan.
Paisaietan gertatzen da, batez ere, filma. 40 urte atzera desintoxikazio-zentroa egon zitekeen tokian, garaian bezala, aurrera egiteko modua bilatzen du orain Xuliak. Badago zerbait, paisaiaz hitz egiten denean, barne-paisaietara eramaten gaituena. Era berean, iraganaren irudikapen bat dira orainaren deskribapenak; honek, behar dituen sakontasuna eta konplexutasuna ematen dizkio istorioari. Muntaketa lan fina dago mapa emozional horietan, non bide posible batek beste batera eramaten duen, eta aukerak zabaltzen dituen. Etorkizuna ez da inoiz ziurra izan. Kaos horretan, filmeko azken eszenak bereganatzen du indar gehien: Xulia erretzen ari da, behera begira. Etenaldi bat da. Behar genuen informazio dena emana izan zaigu, eta parez pare daukagu protagonista, “orain, kudea ezazue kontatu dizuedana” esanaz bezala. Azkenean bere begirada heltzen da, zuzena, zalantzarik gabea. Ziurtasun gabezia hori ez da argituko, baina prest gaude bizitzari eusteko.
Lehena eta orainaren arteko mugak deitzen dit atentzioa gehien lan honetan. Edo muga ezak. Nola itzuli berriro gertatu zitzaigunera? Joera lanzmanniano batek eraman zituen kontzentrazio esparruetatik biziraun zuten horiek berriro erailketa puntu horietara, urteetara. Gertatutakoen memoria biltzen ditu 9 orduko Shoah lanak, eta bertan katarsia probokatzea zen Lanzmannen helburua. Ez nago ziur katarsi hori bilatu behar dugun filma barnean edo kanpoan; baina nago, orainak lehena berresanahitzen duena ezin uka daitekeela, eta alderantziz. Finean, Heraclitoren erreka gurutzatze hura bezala. Biurguneko basoak abagune bihurtzen dira, nor bere erritualak egiteko era. Dela liburu bat, paseo bat, eskutitz bat, edo filma bat.