Barearen ostean dator ekaitza

Hertzainak taldearen kanta bezala, pelikula hau aitormen bat da, desengainuen, memoria porotsuaren eta minen aitormen bat, alegia. Off ahotsa erabiltzen du Fernando Bernués zuzendariak (Kutsidazu bidea Ixabel, 2006) hau adierazteko. Bernardo Atxaga idazle gipuzkoarraren eleberria egokitzen du oraingoan, 2003an argitaratua eta Obaba fikziozko herrian kokatua, Atxagaren munduan barne. Purutasuna adierazten duen herri horretan, David Imaz euskaldunaren gaztaroa azaltzen zaigu, hainbat flashback-en bitartez kronologikoki eta erritmo bizi batekin.

Bi denbora aurkezten dizkigu pelikulak, orainaldian David oso gaixo dago eta berak idatzitako memorien bitartez 30 urte lehenago gertatutako jazoerak jakingo ditugu. Bere haurtzaroko laguna eta politika kontuetan bidelagun izandako Joseba bisitatuko dio orain Ameriketan, aspaldiko zauria odola dariola oraindik, biok borroka armatuan izandakoak baitira. Trantsizioak era argian eta lirikoan azaltzen ditu Bernuések. David bera narratzailea da, hamaika izkina dituen istorioa osatzen, izan ere, sekretuak dira film honen mamia eta errua hau guztia hornitzen duena. Azken finean gizaki hutsak garela azaltzea.

Hoben hura gehiago ikustea falta izan zait, momentu zail horietan pertsonaiak nola ehuntzen diren dastatzea. Davidek bere hilzorian idazten duen liburua konfesio bat izan liteke, bere familia amerikarrarentzako zuribide bat edo sustrai euskaldunei barkamen eskaera. Egiaren bilaketa da film honek azaltzen duena, edo egiaren bilakaera agian. Soinujolea izaten ez du inoiz gelditu David. Akordeoia bere erraietan grabaturik darama. Arnasketan. Identitatean. Airea da biak berpizten dituena, biak martxan jarri eta musika izerditzea ahalegintzen duena. Gozatu dut airearen ahalmena.

Iraganean protagonista David baldin bada, orainaldian Joseba da, bere aitormen pertsonala barruan bueltaka daramana. Josebak gaztaroan “Ekaitza” izeneko liburua idatzi eta hura da bere desengainuaren zeinua. Trumoiak eta tximistargiak. Ekaitzaren aurretik dagoen barea da, baina, pelikularen ardatza, pentsamenduak, grinak, lehertzeko gertu dauden ilusio eta ametsak. Tximeletak bezala, larbak dira lehenengo, eta geroago intsektu osoak, aske menditik.

Giltza diren bi plano piktoriko agertzen dira filman Obaba protagonista dutelarik, etxe zuri eta lasaiak paisai eguzkitsu batean. Hura da Davidek eta Josebak duten bere herrialdearen ideia, perfektua, denboran geldia, amets guztiak egonarri handiz zain. Laguntasuna. Tximeletak entomologoak noiz ehizatuko dituzten itxaroten. Etenaldi horiek ezinbestekoak egiten dira datorren ekaitza miresteko, eskusoinu baten gisan arnasteko, hausnarketan galtzeko.

Orokorrean ni kontaketan sartzea lortu du filmak, eta aspektu batzuetan motz gelditu bada ere, sendoa iruditu zait, oinarri egonkorrekoa. Eskusoinua elementu garrantzitsu bat da baina ez da asko entzuten, hark irudikatzen duena nahikoa baita. Mina. Oroimena. Atzeraka egitea. Isiltasuna, ikusleak berak betetzen duena.

Egia, beraz, alde mordo eta ikuspegi anitz dituen kontzeptua da, giza-kontraesankortasuna duela zuzendari. Ziurra den bakarra da, hain zuzen ere, denborak aurrera egiten duela etengabean eta eskutik irristatzen zaigudala, tximeletek gure begien aurretik pasatzen diren moduan, arnas batek irauten duen abiaduran.

0