Iraganean kateatuta bizi diren bi anaien harremana, edo harreman eza azaleratzen du Almandozek bere lehen fikziozko luzean. SIPO PHANTASMAn (2016) ikuslearen intuizioak eta esperimentazioak leku gehiago bazuten ere, zuzendariarengan berezkoak diren sinbolismoa eta irudi poetikoek, hitzekin esaten ez dena iradokitzen dute. Kontrasteak etengabeak dira film guztian zehar: gune industrial eta Oria ibaiaren, grisa eta kolorea, gelditasuna eta mugimendua, tradizioa eta modernitatea. Isiltasunak hauspotutako konfrontazioa da irudiona; eta, horrelakoa da bi anaien arteko harremana ere. Hitzik gabea; baina, etengabea.

Aurreko film laburretan bezala, oraingoan ere herri honen tradizioen zertzeladak ematen ditu Almandozek. Ez dira hausaz aukeratutako elementuak, esate baterako, txaluparen izena “Bi Anai” izatea: basoko animalien ahotsak baliatuz bi anaien istorioa kontatzen duen Atxagaren nobelari keinu bat. Ezta ere, Itoizen “To Alice” abestia honako hau dionean “Saharako eremura marilynen ileak ereintzera itzuli al da joan zen espedizioa?” eta ezin ukatu Amazonas ibaiko espedizio bat gogorarazten dutela Orian barrena saharar jatorriko Khalilek (Laulad Ahmed Saleh) eta Jose Ramonek (Patxi Bisquert) txalupan egiten dituzten joan-etorriek. Bisquerten paperak ere, TASIO-ren (1984, Montxo Armendariz) pertsonaia gaurkotu bat iradokitzen digu, 80ko hamarkadako gizon haren nostalgiatik tiraka, Almandoz euskal tradizioari eta euskal zinearen hastapenei keinuka ari dela dirudi.

Elkarrengandik ihesi, baina aldi berean elkar zelatatzen duten pertsonaiek saretzen dute filmaren istorioa. Mesfidantza giro horretan kokatzen du Almandozek ikuslearen begirada, ikuslea bera ere erne eta pertsonaiekiko zalantzati jartzeraino. Baina, egoera horrek ahalbidetzen du, pertsonaiek ezkutatzen dituzten gorrotoen, inkomunikazioen, ametsen eta ezinegonen konplize eta testigu bilakatzea: aitaren gasolindegiko lana utzi eta atzerrira ihes egitea amesten duen neska gaztea (Erika Olaizola), begirada zorrotzez basoa zaintzen duen emakume langilea (Iraia Elias), elkarrekin harremanik ez duten bi anaiak; bata, Jose Ramon, kartzelan egon ostean angulen arrantza ilegalean aritzen dena. Bestea, Martin, bizitza libreago baten bila erbestera joan zen unibertsitateko irakaslea (Ramon Agirre). Eta bien arteko zubi lanetan dabilen Khalil haxix-saltzaile gaztea.

Ibaiadarra bere sorburura lotuta dagoen era berean, iraganera kateatuta dauden pertsonaiak dira guztiak. Eta ibaiadar guzti horiek ibai zabalago baten korrontearen noraezean itotzen diren bitartean, baserriko OREINAren adarrak ere asiar batzuen autoaren atzeko aldean galtzen dira, nora ez dakigula. Beste behin ere, modernitatea irabazle.

 

0