La Trinchera Infinita: Beldurrari ikara
Donostiako 67. Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatuta, La Trinchera Infinita Moriartitarren azken lana da (Handia, Loreak, Lucio…). 1936ko faszisten altxamenduan oinarrituta; Arregik, Garañok eta Goenagak Espainiako diktaduran zehar Higinio Blanco ezkertiarraren lur azpiko istorioa kontatzen dute.
Espainiako historiaren urte ilun hauetan, beste aukerarik ez izanda, bere burua familiaren etxe azpian gotortzera derrigortua ikusten duen “topo”etako bat da Higinio, Francoren gobernuak ez fusilatzeko.
Ikara da filmak lantzen duen gaia nagusienetako bat, nagusia ez esatearren. Bi ordu eta erdi inguru irauten dituen film osoan zehar lantzen den kontzeptua da, baina modu ezberdinetan. Hasiera batetan faszisten fusilaketari izango diete ezkertiarrek ikara, bere bizia galtzeari hain zuzen ere. Baina minutuak eta orduak aurrera doazen einean ikarak esan nahi berri bat hartzen du, zeren eta orain, Higinioren leku segurua etxe azpiko gotorlekua da, hasierako erailketa beldurra gizarteratze ikara bihurtuz.
Nahiz eta hasiera batean gotortze egoera hau epe laburreko zerbait izan, gaur egunean bizitzen hari garen konfinamentu estilora, gutxinaka gutxinaka luzatzen doan zerbait da. 33 urte igarotzen ditu Antonio de la Torreren Higinio pertsonaiak lur azpian sartuta, 1969ko amnistiara arte.
Beraz, bi mundu garatzen dira simultaneoki filmean; sotoa eta kanpoaldea, guztiz antagonikoak. Kanpoaldea faszisten lurraldea da, haiek daukate bertako boterea, eta sotoa berriz Higiniorena, bi munduak konektatzen dituen pertsonaia bakarra bere emazte Rosa izanik.
Filmak lantzen duen beste gai bat aldaketa da, Espainiaren aldaketa. Aldaketa honek erlijio lanak egiten ditu Higiniorentzat, sinetsi dezakeen gauza bakarra izanik, bere azken esperantza, zeren eta Espainiako lege aldaketa hauen bitartez bakarrik irten ahal izango da etxe azpiko kartzelatik.
Azpimarratzekoa da hiru zuzendarien lana filmean zehar, eta nahiz eta hiru pertsonen arteko zuzentze lanak gaur egungo zinema industrian ezohikoak izan film honetan ondo funtzionatzen duen kontzeptu bat da, bukaerako emaitza film homogeneo bat izanik.
Beraz, Moriartitarrek planteatutako azken lana interesgarri eta erakargarria da, eta nahiz eta film honetan Handiarekin lortutako trama biribiltasun bat ez lortu, film gozagarri eta on baten aurrean gaude, eta Netflix, Filmin, Youtube eta Google Play Films bitartez ikusteko aukera dago.