1987an kaleratutako apirileko ale berezian argitaratu zuen Susa aldizkariak lehenengoz Mikel Antza idazleak euskaratutako Paul Eluarden La victoire de Guernica poemaren itzulpena: “Gernikako garaitza”. Hiru hamarkada geroago, Alain Resnais zinegile frantziarraren Guernica film laburrari atxikita partekatu du Susak Antzak berak egindako olerkiaren euskarazko moldaketa berria.

1950ean, Robert Hessensekin elkarlanean zuzendutako ekoizpenak 13 minutu irauten ditu eta Pablo Picasso margolariak 1902 eta 1949 urte bitartean erabilitako zirriborroez zein Espainiako Guda Zibilaleko argazki eta egunkarietako titularrez osatutako collagea da. Artelanaren aurretik egileek utzitako oharrean zera irakur daiteke: artista espainiarrak Guda Zibilean sortutako Guernica margolanaren inguruan egindako bidaia bat ere badela.

Filmean, Eluarderen  La victoire de Guernica poema  Maria Casaresek eta Jacques Pruvost aktoreek errezitatu zuten, eta 2020ko apirilean Susak partekatutako bertsioan Antzak berak berridatzitako itzulpena irakur daiteke: “Gernikaren garaipena”.

Zinemaren historian zeresan handia eman duten Hiroshima mon amour (1959), L’année dernière à Marienbad (1961), Muriel ou le temps d’un retour (1963) edota La guerre est finie (1966) filmak zuzendu aurretik, Resnais -estatuaren finantzamenduaz baliatuta- arteari eta kulturari zuzendutako dokumental esperimental antzekoetan murgildu zen: margolari holandarren omenezko Van Gogh (1948), Frantziako Liburutegi Nazionalari eskainitako  Toute la mémoire du monde (1956), krudelkeria naziak utzitako eta memoria historikoari men eginez burututako Nuit et brouillard (1955) eta 1950ean, Robert Hessensekin elkarlanean zuzendutako Guernica, isildutako memoriaren aldarrikapena jasotzen duena.