EZAE Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak Espainiako Gobernu zentralak aurreikusitako zinema aretoen berrirekitze planak ziurgabetasuna dakarrela salatu du. Maiatzaren bukaeran irekitzea “goizegi” dela deritzo, “zinemagintza-sektorearen errealitatearekin bat ez datorrela”.
Hego Euskal Herriko zinema aretoak maiatzaren 25ean irekitzea aurreikusi du Espainiako Gobernuak. Izan ere, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak konfinamendua pixkanaka-pixkanaka leuntzeko plangintza iragarri zuen apirilaren 28an emandako prentsaurrekoan, eta “normaltasun berrira” helburu, gainditu beharreko lau fase aurkeztu zituen. EZAE elkartea, aldiz, ez dago erabakiarekin ados.
Gobernu zentralaren bide-orriaren arabera, bigarren fasean edukiera osoaren herena baino ezin izango dute aretoek bete, eta eserlekuak aldez aurretik esleituko dituzte. Hala ere, planak “ziurgabetasuna dakarrela” adierazi du elkarteak eta errentagarritasuna lortzea ezinezkotzat jo du: “Zinema aretoak Espainiako estatuko banatzaileen eta ekoizleen egutegiaren menpe daude, beraz, ezinbestekoa da probintzia guztietako aretoak irekitzera arte itxarotea, deseskalatzearen hirugarren fasearekin batera %50eko edukiera aurreikusita baitago”. EZAEren esanetan, estreinaldirik ia egongo ez dela kontuan izanda, probintzia guztietako aretoak fase berean egon arte itxarotea litzateke egokiena, izan ere, “zentzugabekeria eta hondamen ekonomikoa” izango litzateke estreinaldirik gabe aretoak irekitzea”.
EZAEk aditzera eman du oso garrantzitsua dela enpresen itxiera eta lanpostuen galera ekidingo duen esparru ekonomikoa bermatzea. Konkretuki, aretoen edukiera-mugak ezabatu arte, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak baldintza beretan mantendu beharko litzatekela esan du. Araudi berriaren espazioen egokitzapenak dakarren inbertsioa ere kontuan izan beharreko auzia dela ohartarazi du Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak, eta “sarreren salmentari aplikatutako BEZa (%4) murriztea” eskatu du. Hala, aretoek gastuak planifikatu behar dituztela gogoratuz, bete beharreko neurri sanitarioak aurrerapen nahikoarekin ezagutu ahal izatea aldarrikatu dute.
Bestalde, langileen zein ikusleen segurtasuna bermatzeko osasun-agintariek ezarritako protokoloak ezartzeko konpromisoa azaldu du. Horrez gain, kanpaina instituzionalak babestuko dituela hitz-eman du elkarteak, “jendea zinema aretoetara bueltatzera animatzeko eta zinemaren balio sozial eta kulturala azpimarratzeko helburuarekin”.
Irakurri EZAE Euskadiko Zinema Aretoen Elkartearen komunikatua, hemen.