Beranduegi aurkitutako giltza

Hamalau urtez itxaron behar izan dugu ikusleok Aupa Etxebeste! pelikulan ezagutu genuen nukleo familiar xelebre bezain erakargarriaren itzulera. Euskal zinemaren garapenean mugarri suertatu den pelikulan agertzen diren pertsonaiak, iruditeria kolektiboaren ikur bihurtuak dira jada. Familia euskaldun arrunt baten islada uste bainozehatzagoak, bigarren atal moduko bat merezi zuela iritzi zioten istorioaren zuzendari diren Asier Altunak eta Telmo Esnalek. Gure hizkuntzan sorturiko zinemak 90. hamarkadan jasandako lozorroa, satira sozialtzat jo daitekeen komedia harekin hautsi ostean, biek ala biek jarraitu dute norbere bidea jorratzen, proiektu ezin interesgarriagoak oparituz ikuslegoari. Horren erakusle dira, besteak beste, Amama eta Dantza. Arrazoi hoberik ezin topatu, beraz, biak elkartzeko, azken urteotako loraldiaren hastapenetan ereindako hazi hura omentzearena baino. Agur Etxebeste! dugu emaitza.

Arriskutsua bezain ausarta gerta dakiguke bigarren atal edo zatiei buruzko gatazka. Izan zenaren distiraren pisua, espektatiba zorrotzak bete beharra sentitzea, pausu bat harago joan nahi izatea. Balantzan orekatzeko parametro zailak, bederen. Zuzendari askok ukatu diete beren zaleei, hauek hain maiteak dituzten trama eta pertsonaiak marko berri batean dastatzeko aukera. Zineak, hala ere, badu behin eta berriz kontsumitua izateko ahalmena, pintore ederrenen aldaezintasunaren bertutea, irakurketa klasikoetara itzulera. Garunean izoztua geratu zaigun plazer lagin hori erreproduzitzeko gustua eman diezaiokegu geure buruari, nahi bezain bestetan. Txalotzekoa iruditzen zait, gauzak horrela, Irusoinekoek itxirik zen kutxa preziatuari giltzarrapoa kendu eta handik zerbait duina ateratzeko eginiko saiakera.

Erronkaren zailtasunak zailtasun, zuzendarien asmo irmoa zen noiz edo noiz Patrizioren ileordeari eta Maria Luisaren amandre matriarkal aldartetsuari hautsa kentzea. Abiapuntutzat, denboraren igaroa dugu. Etxebestetarren istorio propioan ere, urteak ugari pasa dira. Iñaki semea aita izan da edota Patrizio bere erara moldatutako udaletxe ustelean alkate da. Osasun larrialdi batek, Maria Luisa tramaren epizentroan jarriko du, herriko alkatetza bere gain hartuz. Etxekoandre izatetik udal gobernua hankaz gora jarriko duen agintaria izaterainoko bidaian, pertsonaiaren pisua ugaldu egiten da. Kasu honetan, Elena Iruretaren talentu jadanik aski ezaguna, pelikularen alderik aberatsenetako bat da.

Narratibaren garapenean, pena bat iruditzen zait pelikulari zentzua ematen dion giltza metrajeak minutu ugari kontsumituak dituenean topatzea. Hortxe zegoen koska, ordurainoko sekuentzia kostunbrista, humore betegarriz jositakoek, ez baitute istorioa inora eramaten. Lehen pelikula hartatik denok harrapatu gintuena egoeraren degenerazio karikaturara joa izan zen. Pertsonaien benetako izaeren agerpena eta honek istoriari emaniko gatza eta piperra. Izaera hauek erakusteko nahia egon badago baina makineria martxan jarriko duen gertaera beranduegi aurkitzen da. Komedia entretenigarri eta atsegin bat ontzea lortu dute, halere, bi zuzendariek, lehen atal hura disfrutatu zutenei, nostalgia gozo bat sorraraziz.

0