Pakean utzi beharko pakean dagoena?
2005ean “Aupa Etxebeste!” filma arrakastatsuaren ondorengoa dugu hau. Esnalek eta Altunak Etxebeste familia zoroa berreskuratu dute, oraingoan kutsu serioago batekin. Thriller premisa du pelikula honek: alboko herriko alkatea “malversación de fondos” delakoarengatik atxilotzen dutenean, Patrizio Etxebestek kolokan ikusten du bere alkate postua Bergaran. Ehiza kide (edo ez hain kide) dituen enpresaburuek alkatetza uztera derrigortzen diote, berak ere modu bidegabean diru publikoa erabiltzen duela kaleratu ez dadin.

Gauzak horrela, eta bere seme Iñakik postuari uko egin ostean, Maria Luisak hartuko du alkatetza, Patrizioren emazteak, alegia. Momentu horretan hasten da Esnal eta Altunak han ongi irundutako iraultza. Maria Luisak argi dauka herrian hainbat gauza aldatu behar direla, eta horrela jardungo du. Rolen aldaketa hau gertatzean, Patrizio etxean eta Maria Luisa lanean, argi ikusten da nola gaur egun oraindik euskal emakume askoren lekua eremu pribatua den. Patriziok bere emazteak egin ohi zituen lanak egin behar ditu orain: etxea zaindu, biloben kargu egin, komunitateko bilerara joan… Eta argi dagoguztiz galduta dagoela. Maria Luisa, bere aldetik, udaletxea hankaz gora ipintzen ari da. Sarritan gertatzen den moduan, aire freskoak ez dauka lekurik, eta herriko langileak haserre ageri dira aldaketa guztien aurrean. Horren azpian dagoena zera da: ez dute onartzen emakume batek boterea izatea, eta haiei aginduak ematea.

Emakumeek jasaten duten bazterketa hori filme osoan zehar dago presente. Maria Luisak hartzen duen erabaki bakoitzari gizon batek edo besteak egingo dio kontra. Zuzendariek, oso modu inplizituan bada ere, mezu feminista bat luzatzen dute pelikula honekin: emakumeek lekua dute espazio publikoan, eta leku hori merezi ere. Eta gertatzen ari den aldaketa honen gailurra oso modu dotorean dator: Maria Luisa eta Patrizio etxean dira, gaualdean, telebista ikusten. Haien bilobak, kakahuetei alergia izanez, bat jan du eta gaixotu egin da, den dena Patrizioren tutelapean zegoela. Maria Luisak haren arduragabetasuna leporatzen dio Patriziori, telebistan dokumental baten narrazioa entzuten den bitartean. Elefanteen ingurukoa da dokumentala, eta buruzagitza emeen esku dagoela azaltzen du.

Orokorrean, Euskal Herriko herrien egoeraren inguruko komedia freskoa dugu “Agur Etxebeste!”. Neurriz gorako egoerak eta karikaturak diruditen pertsonaiak aurki ditzazkegu, baina ikuspuntu errealista bat ematen dio klase eta genero arazoen azpitrama horrek, filmaren interesa izugarri igotzen duenak. Amaiera zoriontsua baina hainbat gorabehera dituen pelikula bat bilatzen ari bazara (diru-euri bat eta guztirekin), ezin duzu “Agur Etxebeste!” galdu!

0