Euskal ikus-entzunezkoen sektorea suspertzea helburu duen Zinemina kanpaina aurkeztu du Zineuskadik. “Covid-19 pandemiak behartutako geldialdiaren ondorio latzak” arintzeko asmoz hartutako erabakia da, eta datozen asteetan martxan jarriko duten sentsibilizazio ekimenak industriako profesionalen lankidetza izango du.

“Dagoeneko garapen prozesuan dauden proiektuak, filmaketak eta zinema-aretoetako emanaldiak aste batzuk barru martxan jartzeko prestatzen ari diren une honetan, industria honen balio-kateko eragile guztien lana nabarmentzeko momentua dela uste dugu”, adierazi dute Zineuskadiko arduradunek. “Estreinaldiak aretoetara itzultzerakoan publikoaren babesa” ezinbestekoa izango dela gaineratu dute.

Aukera izan bezain laster, sektoreko jarduerari indarrez eta ilusioz heltzeko dei dute euskal ikus-entzunezkoen industria suspertzea helburu duen Zinemina kanpainaren sustatzaileek, beti ere, kasu bakoitzean aplikatu beharreko osasun-arauak betez. Kanpaina hainbat etapatan banatuta dago, “deseskalatzearen fase guztietan presente egoteko”, eta sare sozialetan burutuko dituzte lehenengo sentsibilizazio ekimenak.

Printzipioz, egitasmoa 2020an zehar luzatuko dela esan dute, eta mezuak une bakoitzeko beharretara egokituko dituzte. Nolanahi ere, bereziki babestuko dituzte aurten gauzatutako euskal ekoizpenen estreinaldiak.