Iban del Campo zinemagile eta irakasle arrasatearrak zuzendutako Glittering Misfits (2019) filma Márgenes VOD plataforman estreinatu dute. Donostia Zinemaldiaren 67. edizioan estreinatu eta bertan Euskal Zinemaren Irizar Sariaren Aipamen Berezia jaso eta gero, Bilboko Zinegoak jaialdian aurkeztu zuen Del Campok Glittering Misfits ez-fikziozko filma.

Zinema-industria konbentzionalaren ertzetan kokatzen diren edota autore izaera nabarmena duten lanak biltzen ditu Márgenes VOD plataformak bere katalogoan. Iberoamerikako filmen erakusleiho bilakatu da, zinema independente eta kalitatezkoan espezializatutakoa. Bada, David Arratibel zinegile nafarraren Converso (2017) eta Ana Schulz eta Cristobal Fernandezek zuzendutako Mudal la piel (2018) ekoizpen euskal herritarrei Iban del Campo arrasatearraren Glittering Misfits lana gehitu zaie gaur.

Zuzendariak berak New Yorkera egindako bidaian aurkitutako gaugiroa du lanak ardatz, eta bertako burlesque subkulturan murgiltzeko saiakera azaltzen du. Dirty Martini eta Tigger! ditu protagonista, eta horien eskutik transgresioa, performancea, umorea, sexua zein satira politikoa, sekula lokartzen ez den hiriko alderdirik zital eta magikoenak ezagutuko ditu ikus-entzuleak. Aurrez errodaturiko beste bi labur dokumentaletan aurkeztu zituen bi pertsonaiak, eta horiek elkartzeko aitzakia perfektua izan du bere lehen luzea izan den filmean.

ZINEAn luze eta zabal hitz egin genuen berarekin filmaz, kontakizunaren muinaz, ertzeko zinema egitearen aukera eta mugez, jorratutako bideaz… Irakurri elkarrizketa, hemen.