Thomas Lacoste zinegileak zuzendutako Pays Basque et liberté, un long chemin vers la paix (Euskal Herria eta askatasuna, bakeranzko bide luze bat) filma sarean ikusgai jarri du France 3 Nouvelle Aquitaine telebista kateak. Gaur gaurkoz, jatorrizko bertsioan baino ezin daiteke ikusi dokumentala; euskarazko testigantzak entzun daitezke, frantsesez azpititulatuta.

Urtarrilaren 21etik 26ra bitartean egin zuten FIPADOC zinema dokumentalaren nazioarteko jaialdian lehiatu ostean, France 3 Nouvelle Aquitaine telebista kateak Ipar Euskal Herrian estreinatu zuen apirilaren 27an lana. Orain, beren Youtube kanalean jarri dute herritar ororentzat eskuragarri. Espainiako Gerra Zibila hasi zenetik 2018ko maiatzaren 3an ETA desegin zen arteko urteak jorratuko ditu dokumentalak. Lehen mailako eragile, lekuko, biktima eta analistei emango zaie hitza, hala, elkarrizketa eta artxiboko irudiekin landutako lana da.

Bordelen jaio zen Thomas Lacoste zinegileak zuzendu du eta Prima Luce-k, Sister Productions-ek, Gastibeltza Filmak-ek, Irusoin-ek eta La Bande Passante ekoiztetxeek elkarlanean aurrera eraman duten proiektua da. Nazioarteko telebistei zuzendutako 52 minutuko filma da.

Proiektua hiru egitasmok osatuko dute, eta Euskal Herriko 80 urteko gatazka argitzea du helburu, orainaldi historiko hori partekatzea. Hipotesi demokratikoa, euskal historia bat zinemarako dokumentalak, eta eraikuntza prozesuan dagoen webgune batek osatzen dute ekimena.