Luze dirau konfinamenduak. Lehenengo egunetan kultur programazioa irauli egin zuela ikusi genuen, eta eragileek beren edukiak modu librean partekatzen erantzun zioten. Zazpigarren astea dugu, baina, eta hasierako elkartasun guzti hori alde batera utzita, ZINEAn ikus-entzunezkoen sektorean guzti honek eragin dituen ondorio eta kalteak bildu eta ikusaraztea interesgarri izan daitekeela uste dugu. Hain zuzen, salbuespen egoera honen argi-ilunak bizi izan ditu ondorengo protagonistak:
Covid-19k sortutako larrialdi egoeraren aurrean, Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Bulegoak eta Donostia Kulturak apirilaren 23tik 30era aurreikusita zegoen Giza Eskubideen 18. Zinemaldia ez ospatzeko erabakia hartu dute. Halaber, ikastetxeentzako zinema-saioak eten egin dituzte. Erabakia ezagutzera ematerarekin batera, beren konpromisoa berretsi zuten “pentsatzen jarriko gaituen eta aztarna utziko duen, giza eskubideen urraketak salatuko dituen, eta elkartasunaren zein enpatiaren alde egingo duen” kultura eraldatzaile baten zabalkundean lanean jarraitzeko, eta halaxe egin dute.
Jaialdia ospatzeko testuinguru egokirik ez izanagatik, aste hauetan proposamen desberdinak sustatzen jarraitu dute. Alde batetik, Zinemaldiaren ardurapeko kanala zabaldu dute FILMIN onlineko plataforman, eta bertan eskuratu ahal dira aurreko edizioetan programatutako filmak: zinemaldiak beren ibilbide arrakastatsu eta oparoagatik saritutako zinemagileek zuzendutako lanak, gizarte-gaiak jorratzen dituztenak, emakume errealizadoreen lanaren emaitza direnak, euskal ekoizpenak… besteak beste.
Bestetik, eta hona hemen azpimarra, (H)emen Emakumeen Zinemagileen elkartearekin batera eta maiatzaren 3ra bitarte, zazpi film labur eskainiko dituztela iragarri dute, online bidez. Proiekzioez gain, zuzendari eta ekoizleekin topaketa bat antolatuko dute ere hilaren 30ean. Amaia San Sebastian, Maria Aizpuru, Emily Lobsenz, Ainhoa Urgoitia, Nagore Eceiza eta Esti Urresola aktoreak ariko dira hizketan, eta Tessa Andonegi aktore eta Hemen elkarteko kidea izango da moderatzailea.
Zer suposatu du jaialdia ez ospatzeak? Nola moldatu dira egoera ezezagun honetara? Nolakoa izaten ari da publikoaren erantzuna? Hori eta askoz gehiago azaldu digu Josemi Beltranek, Giza Eskubideen Zinemaldiko programazio arduradunak.