Hego Euskal Herriko zinema aretoak maiatzaren 25ean irekitzea aurreikusi du Espainiako Gobernuak. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak konfinamendua pixkanaka-pixkanaka leuntzeko plangintza iragarri zuen atzo arratsaldean emandako prentsaurrekoan, eta “normaltasun berrira” helburu, gainditu beharreko lau fase aurkeztu zituen. Errodajeak, aldiz, maiatzaren 11n berrartu ahalko dira.

Lurralde bakoitzak izango duen garapena kontuan izanda, bi asteko tartea igaro beharko da fase batetik bestera pasa ahal izateko, beraz datak ez dira finkoak izango, eta atzera egiteko aukera ere badagoela ohartarazi du Sanchezek. Kultura arloari dagokionez, maiatzaren 4ean abiaraziko duten bide-orriak bigarren fasean ahalbidetuko du zinema aretoak, antzokiak eta erakusketa aretoak irekitzea, baina ez guztiz. Hau da, edukiera osoaren herena baino ezin izango dute bete, eta eserlekuak aldez aurretik esleituko dituzte.

Presidenteak gaineratu zuen 50 pertsona baino gutxiagoko kultur ekitaldiak baimenduko dituztela espazio itxietan; 400 lagunetik beherako ikuskizunak antolatu daitezke aire librean, betiere herritarrak eserita baldin badaude. Atzerapausorik gertatu ezean, ekainaren 8an aurreikusten duten hirugarren fasetik aurrera zinema aretoen edukiera erdia baimenduko dute.

Aurretik, aldiz, filmen eta telesailen errodaje-lanak maiatzaren 11n berrartuko dituzte ikus-entzunezko industriako profesionalek, lehenengo fasean. Segurtasun-neurriak zorrotz bete beharko dituzte lan-taldeek, horretarako, Spain Film Commission-ek argitaratutako protokoloa jarraitu beharko dute.