EiTBk, Topaguneak eta TOKIKOMek Euskaraldiak martxan duen Etxealditik Euskaraldira’ ekimenean modu bateratuan parte hartzea adostu dute. Aurretik sinatuta duten lankidetza hitzarmena oinarri, ‘Elkano: lehen mundu bira’ (2019) eta ‘Gartxot, Konkista Aitzineko Konkista’  (2011) filmak emango dituzte gaur, apirilak 29, euskarazko aisialdiko produktuen kontsumoa bultzatzen laguntzeko.

‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimenarenak bezalaxe, hizkuntza eta ohiturak astintzea izan dira proposamenaren ardatz, eta  “euskarazko ikus-entzunezkoez gozatzeko” eta “euskarazko ekoizpenen kontsumo-ohitura bultzatzeko” batu dira komunikabide euskaltzaleak. “Asteazkena ‘ikuslearen eguna’ izan ohi denez, zinera joan beharrean, zinea etxera ekartzea zen ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimenaren baitan, herritarrei luzatu behar genien proposamena”, azaldu du Euskaraldiko koordinatzaile Rita Aldabaldetrekuk.  TOKIKOM, EiTB eta Topagunearen eskutik datorren proposamenak egun horretako planteamendua borobildu eta osatu egiten du”.

Bada, Euskarazko bi filmen emisio bateratua egingo dute gaur, apirilak 29an:

 

  • 16:00etan, Elkano: lehen mundu bira (2019) :

ETB3, 28 kanala, Erlo telebista, Goiena Telebista, Goierri Telebista, Hamaika Telebista, Kanaldude, Xaloa eta Oizmendi Telebistan eskainiko da. Telebistaz ez ezik, EiTB Nahieran eta TOKIKOMeko webguneen bidez ere ikusi ahal izango da lehen film hau.

Inoiz kontatu ez den istoriorik borobilenera salto egitera goaz. Hemen ez da handikeria zantzurik, egia literala da. Munduari eman zitzaion lehen bira jasoko du istorioak, hasi zen lekuan amaitzen den bidaia borobil eta eraldatzailea. Askok ezagutzen dute Magallanes-ek ekin ziola bidaiari, baina gutxi batzuk dakite Juan Sebastian Elkanok emango ziola amaiera, istorioaren benetako protagonista bilakatuz.

Zerk bultzatu zituen nabigatzaile hauek balentria honi ekitera? Antipodetako paradisura iritsi nahi zuten, ongailuz eta usai-belarrez beteriko lurraldera. Nola iritsi, baina, ezaguna zen bide bakarra Portugalgo erreinuaren pribilegio bakarra bazen? Kontrako norantzan abiatuta, noski. Teorian erreza begiztatzen zen hura, infernu bilakatu zen abentura hasi zuten bost belaontzientzat: izurriteak, goseteak, ekaitzak, tribu ezezagunak… Hiru urte beranduago itsasontzi bakarra itzuli zen, bizirauteko balentriaz gain, munduari bira eman izanaren lorpenarekin.

https://youtu.be/wF67Fl0ibRs

 

  • 21:00etan, Gartxot, konkista aitzineko konkista (2011):

Erlo telebista, Goiena Telebista, Goierri Telebista, Kanaldude, Xaloa eta Oizmendi Telebistan ikusteko aukera izango dute ikus-entzuleek.

Bardo deitzen zaio herriaren oroimena eta kultura gordetzen duen kantariari. Eta horixe da Orreagako abade berriak nahi ez duena. Hargatik, Gartxot, bertako bardoa, deserriratu eta Mikelot, haren semea bahituko du latinez kantatuko duen fraide bihurtzeko. Baina Mikelotek ihes egingo du eta berriro hasiko da kantuan aitarekin, herriz herri. Elizak iraintzat hartuko du kantaldi bakoitza eta fraide-gerlari beldurgarrien esku utziko du aita-semeak harrapatzea. Tragedia XII. mendean. Hasi da konkista aurreko konkista.