Tribeca Enterprises eta YouTubek elkarrekin iragarri dute We Are One: A Global Film Festival ekimena, aurrekaririk ez duen eta esklusiboki YouTube bitartez jarraitu ahal izango den 10 eguneko zinema-jaialdi digitala. 20 zinema-jaialdiren programazioa eskainiko du, tartean Canneseko zinema-jaialdia, Berlingo nazioarteko zinema-jaialdia, Veneziako zinema-jaialdia eta Donostia Zinemaldia.

“Sarri hitz egiten dugu mugen eta ezberdintasunen gainetik filmek herritarrak inspiratu eta batzeko duten ahalmen bereziki boteretsuaz, mundua sendatzen laguntzeko duten gaitasunaz. Bada, uneotan, mundu guztiak du osatzeko beharra”, nabarmendu du Jane Rosenthalek, Tribeca Enterprises eta Tribecako zinema-jaialdiaren sortzaile eta zuzendari exekutiboak. “We Are One: A Global Film Festival jaialdiak programatzaileak, artistak eta narratzaileak biltzeko asmoa du mundu guztiko audientziei entretenimendua eta gozamena eskaintzeko asmoz. Jaialdia aurrera eramateko ditugun kide bikainekin eta YouTuberekin eskuz esku ari gara lanean, guztiek zinema-jaialdi bakoitza hain berezi egiten duena bizitzeko aukera izan dezaten, eta zinemaren arteaz eta ahalez goza dezaten”, azaldu du.

Nazioarteko istorio narratzaileen komunitatea bilduko duen ekimenak, hamar egunez eta doan eskainiko die mundu guztiko audientziei jaialdiaren programazioa. Jaialdia maiatzaren 29an hasiko da YouTube.com/WeAreOne sareko helbidean, eta 20 zinema-jaialdi desberdinek hautatutako programazioa eskainiko du: Annecy, Berlin, Cannes, Donostia, Guadalajara, Jerusalem, Karlovy Vary, Locarno, Londres, Macao, Marrakex, Mumbai, New York, Sarajevo, Sundance, Sydney, Tokio, Toronto, Tribeca eta Veneziako festibalak, besteak beste. Zinemagileei agertoki global batean ahotsa eskainiko dien jaialdiari esker, publikoak mundu guztiko istorioetan murgiltzeko aukera izango du.

Erakundeen aldeko dohaintzak

Zinema-jaialdien funtsezko osagaietako bat artista eta sortzaileek pertsonak batu eta lotura esanguratsuak sortzeko ahalmena duten ustea da; bada, orain, munduak gehien behar duen uneetako batean egingo dute. We Are One: A Global Film Festival jaialdiari esker, publikoak ez du soilik munduan zeharreko kulturetara gerturatzeko aukera izango agertoki global berri baten bitartez, baizik eta tokian tokiko komunitateak lagundu ahal izango ditu COVID-19ak kaltetutakoei asistentzia eskaintzen dieten erakundeen aldeko dohaintza zuzenen bitartez. Jaialdiak bai Osasunaren Mundu Erakundea bai eskualde bakoitzean asistentzia eskaintzeko dituen bazkideei eskainiko die laguntza.

Programazioa

We Are One: A Global Film Festival jaialdia maiatzaren 29tik ekainaren 7ra egingo da YouTube.com/WeAreOne Interneteko helbidean. Edukiak doakoak izango dira eta filmak, film laburrak, dokumentalak, musika, umorea eta elkarrizketak hartuko ditu bere gain. Programazio osoa jaialdia hasi aurretik jarriko da eskuragarri.