Amania Films ekoiztetxe arabarrak ekoitzitako eta David Pérez Sañudo zinegile bilbotarrak zuzendutako Ane filmak hiru sari jaso ditu Malagako Work In Progress zinema jaialdian. Koronabirusaren krisia dela eta, aurtengo edizioa online egin dute martxoaren 23tik apirilaren 10era bitartean, eta guztira, 22 proiektuk parte hartu dute.

Malagako Zinema Jaialdiak eta udalak industria alorrari eskainitako MAFIZ sailaren baitan antolatutako ekimena da Malaga WIP, eta ikus-entzunezko proiektuen finantziazioa bultzatzea, horien banaketa eta promozioa sustatzea eta nazioartera zabaltzea ditu helburu. Jaialdia bertatik bertara egitea ezinezkoa izan da 2020an, COVID-19 birusak eraginda, hala ere, ekitaldia online egitea erabaki zuten antolatzaileek eta Veo Málaga plataformaren bitartez ikusi eta aztertu ahal izan dituzte epailek aurkeztutako 22 filmak.

Errekonozimendu garrantzitsuenak Amateur (Martín Gutiérrez) eta Adiós a la memoria (Nicolás Prividera) lanek eskuratu badituzte ere, Amania Films ekoiztetxe arabarrak ekoitzitako eta David Pérez Sañudo zinegile bilbotarrak zuzendutako Ane filma izan da aurtengo ekitaldiko proiektu sarituena. Hiru garaikur lortu ditu:

  • Aracne Saria – Irudi postprodukzioa
  • Latido Saria – Nazioarteko banaketa
  • Music Library Spanish WIP Saria

Informazio gehiago, hemen.