Iban del Campo zinemagile eta irakasle arrasatearrak zuzendutako Glittering Misfits (2019) filma Filmin online plataforman estreinatu dute. Apirilaren 21az geroztik Filmin Euskaraz kanalean dago ikusgai, jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin.
Filmin online plataforma euskal filmak bere katalogora gehitzen ari da pixkanaka-pixkanaka. Kataluniako Generalitatearen bultzadari esker sustatutako FilminCAT kanalarekin ausartu ziren lehenengo, eta “euskal produkzio onenetarikoak” biltzeari ekin diote orain. Otsailean ireki zuten Filmin Euskaraz kanala, eta martxoan euskarazko film sorta berri batekin osatu zuten. Gaur gaurkoz, 50 lan inguru daude ikusgai hiru ataletan banatuta: fikzioa, dokumentala eta haurrentzako zinema.
Iragan astean Iratxe Fresneda zuzendari arrigorriagarraren Irrintziaren Oihartzunak (2016) eta Lurralde Hotzak (2018) lan dokumentalen txanda izan zen, eta apirilaren 21az geroztik Iban del Campo arrasatearraren Glittering Misfits (2019) filma dago ikusgai, ohiko legez, jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin.
Donostia Zinemaldiaren 67. edizioan estreinatu eta bertan Euskal Zinemaren Irizar Sariaren Aiapamen Berezia jaso eta gero, Bilboko Zinegoak jaialdian aurkeztu zuen Del Campok Glittering Misfits ez-fikziozko filma. Zuzendariak berak New Yorkera egindako bidaian aurkitutako gaugiroa du lanak ardatz, eta bertako burlesque subkulturan murgiltzeko saiakera azaltzen du. Dirty Martini eta Tigger! ditu protagonista, eta horien eskutik transgresioa, performancea, umorea, sexua zein satira politikoa, sekula lokartzen ez den hiriko alderdirik zital eta magikoenak ezagutuko ditu ikus-entzuleak. Aurrez errodaturiko beste bi labur dokumentaletan aurkeztu zituen bi pertsonaiak, eta horiek elkartzeko aitzakia perfektua izan du bere lehen luzea izan den filmean.
ZINEAn luze eta zabal hitz egin genuen berarekin filmaz, kontakizunaren muinaz, ertzeko zinema egitearen aukera eta mugez, jorratutako bideaz… Irakurri elkarrizketa, hemen.