Etxebegiak proiektuak izandako harrera ona dela eta, film laburrak aurkezteko epea maiatzaren 10era arte luzatzea erabaki dute arduradunek. Horrez gain, jakinarazi dute Donostia Zinemaldiak, Kutxa Kultur Eureka! Zientzia Museoak eta Donostiako Aquariumak proiektuarekin bat egin dutela, eta sari berriak eskainiko dituztela.

Koronabirusaren krisiak etxean gelditzera behartu gaituen ezohiko egoera honetan, asko dira sare sozialetan edo kultura erakundeen bitartez ezagutu ditugun bideo-lehiaketa, txapelketa eta jokoak. Bada, SADE zinema sareak eta Ikertze Kultur Elkarteak ere egitasmo berezi bezain erakargarri bat proposatu dute. Txiki, gazte zein heldu izan, bakarka zein taldeka, antolatu duten film laburren lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute herritar guztiek: “Aretoak berrireki arte ikusleen etxeetan zinema bizirik mantentzeko asmoarekin sortu da proiektu hau […] Etxetik zinemaren munduan murgiltze horrek, txikiak eta helduak sorkuntza-prozesura hurbiltzeaz gain, ikusleak sortzaile bihurtu nahi ditu, eta etxeetan dagoen aniztasuna eta aberastasuna islatu”.

Lehiaketa soil bat izatera mugatuko ez den ekimen honek material hezigarri eta kulturala eskaintzen du: istorioa nola kontatu, material teknikoa eta dekoratua nola prestatu, entseguak nola egin eta filmaren grabazioari eta edizioari nola ekin… Izan ere, Etxebegiak proiektuak zinema arloko jakintzarik ez dutenengan jarri du arreta, eta zinemaren asmatzaileei buruzko informazioa, zinema-hizkuntzaren asmatzaileak aurkeztutako proposamenak, filmak… jasotzen dituen gida didaktikoa eta zine lengoaiaren gida prestatu ditu. Hala, hasiera-hasieratik film labur bat sortzen ikasiko dute herritarrek

Parte hartzaileek ez dute inolako gai jakinik jorratu beharko derrigorrez, konfinamenduaren errealitatea irudika dezakete edota zinemaren historiako eszena mitikoren bat erreproduzitu. Hala, nahi izanez gero, material didaktikoan jasotako Lumière minutua (zinemaren asmatzaileei egindako omenaldia) edota Alice Guy minutua (zinema-hizkuntzaren asmatzaileari omenaldia) ereduei jarraitzeko proposamena luzatu dute.

Hasiera batean, maiatzaren 1ean ezarri zuten lanak bidaltzeko epea, baina antolatzaileek ohartarazi zuten orduan alarma egoeraren bilakaeraren arabera luzatu ahalko zutela. Hala, maiatzaren 10a izango da epemuga berria. Horrekin nahikoa ez, eta beste berrikuntza bat iragarri dute ere: Donostiako Zinemaldiak, Kutxa Kultur Eureka! Zientzia Museoak eta Donostiako Aquariumak proiektuarekin bat egitea erabaki dute, eta aurrez aipatu gabeko sariak banatuko dizkiete parte-hartzaileei.

Film laburrak sortzeari ekin nahi diotenek formulario bat bete beharko dute lehenbizi, eta grabatutako bideoa dagokion atalean igo. Film laburraren izenburua, deskribapena, kredituak, familiaren argazkia, helbide elektronikoa eta harremanetarako telefonoa adierazi beharko dira.

#Etxebegiak Sariak banatuko dituztela ere jakinarazi dute egitasmoa prestatu dutenek. Epaimahaiak hiru sari banatuko ditu: SADE zinemetarako bi opari-txartel (300 eurokoa film labur onenarentzat eta 150 eurokoa publikoaren sariarentzat). Gainera, ideia original onenak gau bateko egonaldia irabaziko du Astoria7 hotelean, gosaria barne, Donostia Saria jaso duen aktore baten omenezko gelan. Film sarituaren lantaldeko sei pertsonek izango dute gaua zinema-izarren hotelean pasatzeko aukera. Horrez gain, ikus-entzunezko finalistek pantaila handira jauzi egingo dute Begiradak Nazioarteko Amateur Zinemaldiaren eskutik. Izan ere, zinema-sektoreko profesionalek moderatuko duten mahai-inguru batean proiektatuko dira.

Proiektura batu berri diren eragileen sariei dagokienez, Zinemaldiak banatuko duen Zuzendaritza Onenaren Sariak Donostiako nazioarteko zine jaialdian filmak ikusteko abonamendua eskainiko du. Efektu Berezi Onenei zuzendutako Kutxa Kultur-Eureka! Sariaren irabazleak, berriz, abonamendu bat jasoko du, lau pertsonek museoa urte osoan zehar bisitatu ahal izan dezaten. Eta URA by Aquarium Sari Bereziak aintzat hartuko du itsasoari, itsas ingurumenari edo ur kontsumo arduratsuari buruzko aipamena egiten duen lan onena. Azken kategoria horretako film irabazleak 15 lagunentzako bisita gidatua eskuratuko du, Donostiako Aquariumaren sekretu guztiak ezagutzeko.

Informazio gehiago SADEren webgunean.