Filmin online plataformak euskarazko kanala elikatzen jarraitzen du egunotan ere. Hala, Iratxe Fresneda zuzendari arrigorriagarraren Irrintziaren Oihartzunak (2016) eta Lurralde Hotzak (2018) lan dokumentalak bilduko ditu aurrerantzean.
Kataluniako Generalitatearen bultzadari esker sustatutako FilminCAT kanalarekin ausartu ziren lehenego, eta “euskal produkzio onenetarikoak” biltzeko ordua iritsi zaie orain. Filmin Euskaraz plataforma sortu zuen otsailean Filminek, euskaraz, euskaraz bikoiztutako edo euskaraz azpititulatutako izenburuak biltzeko.
Hiru ataletan banatu dute filmen eskaintza, fikziozko lanak, dokumentalak eta haurrentzako zinema, eta 40 lan inguru bildu dituzte jada: Roberto Castonen Ander (2009), edo Jon Garañoren eta Jose Mari Goenagaren Loreak (2014) filma bezalako arrakastak; Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa (2018); Telmo Esnalen Urte berri on, amona (2011); Printze Txikia; Dragoi Bola; Pikadero (2015); Xora (2012) edota azken urtean estreinatutako Margolaria (2019), Jainkoak ez dit barkatzen (2019), Hiru uhinak (2019), Agur, Etxebeste! (2019) eta Gure Oroitzapenak (film kolektiboa, 2019), besteak beste.
Katalogoan barneratuta dauden lanei hurrengoak gehitu dizkiote berriki (fitxak GANBARAn ikusgai):
Irrintziaren Oihartzunak (Iratxe Fresneda, 2016). Mirentxu Loyartek (Iruñea, 1938)sorkuntza-lanetan emandako erbestealdia kontatzen du Irrintziaren Oihartzunak filmak. Loyarte Europako zinemagintzaren aitzindari ausart horietako bat da, haren izena ezagun egin ez bada ere. Zinemagile nafarraren memoria eta obra miatu asmo dituen begirada bat da filma; topaketa baten kontakizuna, hezur eta mamizko altxor zinematografiko baten bilaketa: gogoratzeko zailtasunak dituen pertsonaia batena, edo gogoratu nahi ez duena.
Lurralde hotzak (Iratxe Fresneda, 2018). Barren-barrenetik hasten den bidaia pertsonala da Lurralde hotzak. Begiratzeko modu bat da. Arnas egiteko bide bat. Zergertatzen da, baina, norbere joan-etorriek Theo Angelopoulos, Bego Vicario, Win Wenders edota Rut Hillarp zinemagileen begiekin topo egiten dutenean? Euskal Herrian hasi eta Eskandinavian barrena, lurralde hotzetan barna, norbere lorratzak poema bilakatzen dira. Ez-fikziozko road movie honetan, sortzaileen ikuskera, irudien barruan ezkutatzen dena, erlezaintzaren, arkitekturaren eta pertsonen paisaiarekin batera uztartzen da.