Zinema areto erraldoi batean gaude, XII. mende hasieran, eta bertan aurkituko ditugu izenik gabeko protagonistak: eserita, antzokia garbitzen, filma bera ondo proiektatzen ari dela kontrolatzen edota bakarren bat zigarroa erretzen. Ez dago apenas beraien arteko hartu-emanik, pantaila handitik datozen elkarrizketak entzungo ditugu, eta noizbehinka irudiren bat ikusi ere. Dragon Inn (King Hu, 1967) wuxia filma ari dira ematen, baina berdin zaigu. Narrazioa aurrera eramaten duen ekintzarik ez dagoela dirudi, eta horrek inkomodatu egingo gaitu, batez ere, plano luze eta elipsiek erritmoa muturreraino moteltzen dutelako. Urduri jartzen hasi gara, Dragon Inn filmean ageri diren arte martzialetako eszena birtuoso eta koreografikoek talka egiten dute gu ikusten ari garenarekin, eta aspertu ere egin gaitezke. Zinema aretoa hutsik dagoela konturatuko gara, ikus-entzule gutxi batzuk baino ez daude, hiruzpalau, eta pixkanaka-pixkanaka horiek ere alde egingo dute. Mamuak dira, iragan zoriontsu bati agur esateko bildu diren azken erromantikoak. Zer ari da gertatzen?

Tsai Ming Liang zinegile taiwandarraren Goodby, Dragon Inn (2003) filmak egoera apokaliptiko bezain erreal batera garamatza. Kutsu melankoliakoa duen maisulana da, izan ere, modu oso gordinean erakusten du industriaren errealitatea: dagoeneko zinemara joatea ez da asetzen gaituen jarduera. Entretenitzeko bide alternatiboak agertu dira gizartean, gizakiok kezka eta ardura berriak ditugu, eta begi-bistakoa da zinemak aspaldi utzi ziola hainbat eta hainbat belaunaldiren ametsen babesleku izateari. 2003an estreinatu zuen Tsai Ming Lianek bere lana, izugarrizko bultzada izan zuen euskarri digitalak zeluloidea marjinatu eta bost hamarkada lehenago telebistaren agerraldiak irekitako zauria larritu egin zen garaian.

Oraindik ere iristear zitzaiguna pentsaezina zen XXI. mende hasieran. VOD plataforma edo streaming zerbitzuen berririk ez geneukan, baina abiada batean garatzen doaz kontsumo joera zein aukerak, eta Goodby, Dragon Inn berrikusteak biderkatu egiten du zinema maite dugun guztion mina. Eboluzio konstantea da historia, eta beste diziplina batzuekin gertatu bezala, arte jaioberria bada ere eraldaketa prozesua saihestezina suertatu zaio. 2003an Tsai Ming Liangek erakutsi zigun mehatxua errealitatea da jada.

Konorabirusaren krisi madarikatuak kolpatu aurretik eztabaida pil-pilean zegoen industrian, izan ere, aurrez aurreko borroka sutsua izan dute Netflixek eta Cannesko zinema jaialdiak orain dela pare bat urte, zinemaldi frantziarrak betoa jarri baitzion online zerbitzuari: 2017ko Cannesko zinema jaialdian zalaparta sortu zuen Bong Joon-ho hegokorearren Okja lanak, Netflix-ek ekoiztutako pelikula bat lehian jarri baitzuten lehen aldiz. 2018an, neurriak hartu eta guztiz debekatu zituzten. Arazoa pelikulak frantziar aretoetan ez estreinatzeak eragin zuen, eta kontuan izanda herrialde horretan kulturarekiko duten errespetu historikoa ulertzekoa da Cannesen apustua. Etsaiak areagotu egin zaizkio baina, Netflixez gain, indarra hartu baitute Amazon Prime, HBO, Disney+ eta antzeko zerbitzuek. Filmak ekoitzi eta beraien plataformetan propio estreinatzen hasi dira, ekoizpen-etxeen totalitarismo tradizionalera bueltatzeko arriskua handitzen doa: Hollywoodeko Studio System-a berregituratzen ari dela esan daiteke, Majors delakoek filmaren ekoizpena, banaketa eta erakusketa beregain hartzen zuten horretara… baina Interneten!

Eztabaidak inflexio-puntua izan du. Izan ere, onile eta estreinaldi tradizionalen arteko elkarbizitzan zuzenean eragin du mundu osoan lau haizetara zabaldu ostean industria etetea lortu duen koronabirus honek. Zinema aretoek ateak itxi behar izan dituzte, ekoizleek errodajeak bertan behera utzi dituzte behin-behinean eta kaosa da nagusi. Aurreikusita zeuden estreinaldiak atzeratu egingo dituzte zenbait banatzailek, baina etorkizunean sortu litekeen pilaketa ekiditeko Internetera jo duenik ere bada, streaming zerbitzuetara. Espainiar estatutan, Xavier Dolan zinegile quebectarraren Matthias & Maxime (2019) filma Filminen 48 orduz primizian ikusgai jartzea erabaki zuen Avalonek martxo bukaeran (ohiko harpidedunek ere ikustaldia ordaindu egin behar izan zuten), eta beste hainbatek hartu diote lekukotza. Adibidez, A Contracorriente banatzaile eta ekoizleak saladecinevirtual.com webgunea jarri du martxan areto tradizionaletan estreinatzekoak zituen pelikulak bertan aurkezteko.

Etxetik irten ezinean gaude baina Internetek beteko du hutsunea. Eta hori oso arriskutsua da sektorearentzat. Zinema industria sostengatu duen kate edo egitura tradizionala hondoa jotzear dago, eta Tsai Ming Lianen profezia atrebentzia melankoliako izatetik desastre katastrofiko izatera pasa daiteke. Konfinamendua bukatu eta erabateko normaltasunera bueltatzen garenean oso zail izango dute areto eta antzokiek orain arteko erritmoari jarraitzea, behin online esperimentuek onurak eta harrera ona izan dutela baieztatzean atzerabueltarik egongo ez delako. Zinema kontsumitzeko ohitura berriari pandemia honek egin dion ekarpena kalkulaezina da, urtean euro gutxi batzuk ordainduta nahi adina pelikula ikusteko oparia dela uler baitaiteke. Ordenagailuan film bat ikustearekin eroso sentitzen denari ez zaio beharbada auzi hau axolako, baina jakitun izan behar du erosotasun kontuaz harago kalitate eta superbibentzia kontua dela.

Amesgaizto hau bukatzen denean pozgarria litzateke zinemazaleek berriz ere pantaila handiarekiko hautua egitea, edo behintzat elkarbizitza errespetatzea. Publikoa berreskuratzen lanak izango dituzte antzoki txikiek, herrikoiek eta jatorrizko bertsioan filmak ematen dituzten salek (zoritxarrez gurean oraindik konpondu gabe dagoen eta irtenbide errazik ez duen afera da). Gaitzak jo aurretik ere, egoera ez zen batere optimista baina pelikulak ikustea esperientzia kolektibo izatetik indibidual izatera pasa denez geroztik ziurgabetasuna da nagusi, batez ere  konponbidea aurkitzeko lan egin behar dutenek neurririk hartzen ez badute. Begi bistakoa da agintarien laguntzarik gabe ez dugula aurrera egiteko ahalmenik, horregatik nazioarteko Zinema Erakundeak (UNIC) eskakizun bateratua egin die gobernuei, areto txiki eta independenteek bizirauteko aukera bat izan dezaten. UNICen arabera, zenbait arinen hartu behar dira neurriak, bestela, industria desagertu egin daiteke.

Hala, Italian, Alemanian eta Frantzian hasi dira Kultura ministerioak diru-laguntzak zehazten. Adibidez, Alemaniako Kultura ministroa den Monika Grüttersek 120.000 milioi euro bideratuko dituela baieztatu du sorkuntza eta industria kulturalek hondoa jo ez dezaten, eta batez ere, instituzio txiki eta independenteek borrokan jarrai dezaten. Espainiako estatuan, eta Euskal Herrian, aldiz, oso bestelako jokaera izan dute, eta sektoreko langileek enpatia falta salatu dute. Harrigarria eta ulertezina da José Manuel Rodriguez Espainiako Kultura ministroak bere ardura den alorrari erakutsi dion  mespretxua eta begirune falta. Bigarren mailako behar edo jarduntzat aitortu du eragile kulturalekin batzartu ostean emandako prentsaurrekoan, baina ahaztu egin omen zaio konfinamendu garai honetan sektoreak erakutsi duen eskuzabaltasuna eta konpromisoa.

Goodby, Dragon Inn filmeko mamuak izatetik hezur-haragizko ikusle izatera itzul gaitezen, jakin badakigu birus ikusezin honek noizbait bakean utziko gaituela, eta etxetik irteteko askatasuna izango dugula. Zinema aretoek ezinbesteak behar dute haien biziraupena bermatuko duen bide-orri bat, eta streaming plataformen hegemoniak ito ez ditzan zinema esperientzia kolektibo eta presentzia gisa ulertzen dugunoi dagokigu berriz ere aldarrikatzen dugun espazioa berreskuratzea, jakin baitakigu politikariak horretarako prest agertu ez direla.