Covid-19 gaitzak sortutako larrialdi egoeraren aurrean, Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Bulegoak eta Donostia Kulturak apirilaren 23tik 30era aurreikusita zegoen Giza Eskubideen 18. Zinemaldia ez ospatzeko erabakia hartu dute. Gogoeta, sentsibilizazio eta eztabaidarako abagune bat galduko dugu, beraz, gure uste eta egiak deseraikitzeko zaletasuna dugun donostiarrok. Arrazionalki jokatu eta egoera ulertuta ere, min ematen du.

2003. urtetik ospatu duten zinemaldia da, giza eskubideei eta, oro har, unean uneko gizarte gaiei buruzko film interesgarrienak bildu eta estreinatzen dituena. Zinema da, funtsean, informazioa emateko eta heziketarako baliabide nagusia. “Gizarte-erantzukizunez” jokatzeko hautua egin dute -ezin bestela izan-, eta beren konpromisoa berretsi dute “pentsatzen jarriko gaituen eta aztarna utziko duen, giza eskubideen urraketak salatuko dituen, eta elkartasunaren zein enpatiaren alde egingo duen” kultura eraldatzaile baten zabalkundean lanean jarraitzeko.

Halaber, gogora ekarri dute Zinemaldiaren ardurapeko kanala zabaldu berri dutela FILMIN onlineko plataforman, eta bertan ikusi ahal direla aurreko edizioetan programatutako filmak. Menos da una piedra esango luke batek; bienvenido sea, ondokoak. Onlineko plataforma kataluniarrean partekatu duten eskaintzan murgilduta nago ni, y ahora que me quiten, que me quiten lo bailao.

Zinemaldiak beren ibilbide arrakastatsu eta oparoagatik saritutako zinemagileek zuzendutako lanak, gizarte-gaiak jorratzen dituztenak, emakume errealizadoreen lanaren emaitza direnak edo euskal ekoizpenak dira, besteak beste, kanalak bateratzen dituen aukerak. Azken horiei so, nire hautaketa txikitxoa egingo dut, ezagutu nahiko bazenu:

80 egunean (2010). Zahartzaroan desiorako tarterik badela pentsatzea tabua bada egun, are pentsaezinagoa dute askok gogo hori lesbikoa izan daitekeenik. Bada, filmak sexualitaterako hautu ikusezinena den hori azaleratu zuen: bi emakume adinduen arteko desira. Hamar urte igaro dira, eta ez dut ahaztu: “Asko gustatzen zait nola naizen zurekin egoten naizenean. Zurekin nagoenean ni ez banintz bezala sentitzen naiz. Baina era berean oso ni sentitzen naiz”. Apurtzailea.

 

Zuk (2017). Migrazio-krisi gisa izendatu dute arduragabekeriaren aurrean, badira beren denbora eta baliabideak errefuxiatuen zaintza eta duintasuna bermatzera eskaintzen duten euskal elkarte eta proiektu desberdinak: Zaporeak, Ongi Etorri Errefuxiatuak… horien jarduna eta testigantzak dira proposatzen dizuedan dokumental honen ildoa josten duten lau kontakizunak. Gordina.

 

Echeverriatik – Etxeberriara (2014). Oiartzungo herrira mugaturik, dokumentalean, indarkeriak Ezker Abertzalearen ingurumenean eduki duen garrantzia aztertzen saiatu zen Ander Iriarte zuzendaria. Indarkeria bere izaera eta izate guztietan, (ETArena, poliziarena, politikoa, herriarena, estatuarena, psikologikoa..). Horretarako, ongien ezagutzen duen ingurumena erabili zuen, izate handiago bat duen fenomeno baten ispilu. Ausarta.

 

Nagore (2010). Filmaren ardatza Nagore Lafagge Erizaintza ikaslearen heriotza bortitza da, 2008ko San Fermin jaietan, Nafarroako Unibertsitate Klinikako psikiatra batek eraila. Lanak biktimaren senitarteko eta gertuko lagunen testigantzak jasotzen ditu, eta baita prozesu judizialean inplikatutako hainbat kideren ikuspegiak ere. Ezinbestekoa.

 

*Bada beste bat, kontzertu amaieran zapore goxoa bermatzen digun bonus track horietakoa. Kasu honetan, FILMIN plataforman beharrean, VIMEO atarian modu aske eta doakoan topatuko duzuena: Alardearen seme-alabak (2013). Ezer ez baita BETIKO!