Kalitatezko aisialdia sustatu eta familiak zinemara hurbiltzeko helburu duen Etxebegiak proiektua aurkeztu berri dute Ikertze Kultur Elkarteak eta SADE Zinemak elkarlanean. Zinemagintza tailer-lehiaketa antolatu dute, eta bertan edozeinek parte hartzeko aukera izan dezan etxeetatik film labur bat egiteko beharrezkoa den material pedagogikoa jarri dute denon eskura. Maiatzaren 1era arte dago lanak bidaltzeko epea zabalik (nahiz eta alarma egoeraren bilakaeraren arabera luzatu dezaketen).
Koronabirusaren krisiak etxean gelditzera behartu gaituen ezohiko egoera honetan, asko dira sare sozialetan edo kultura erakundeen bitartez ezagutu ditugun bideo-lehiaketa, txapelketa eta jokoak. Bada, SADE zinema sareak eta Ikertze Kultur Elkarteak ere egitasmo berezi bezain erakargarri bat proposatu dute. Txiki, gazte zein heldu izan, bakarka zein taldeka, antolatu duten film laburren lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute herritar guztiek: “Aretoak berrireki arte ikusleen etxeetan zinema bizirik mantentzeko asmoarekin sortu da proiektu hau […] Etxetik zinemaren munduan murgiltze horrek, txikiak eta helduak sorkuntza-prozesura hurbiltzeaz gain, ikusleak sortzaile bihurtu nahi ditu, eta etxeetan dagoen aniztasuna eta aberastasuna islatu”.
Lehiaketa soil bat izatera mugatuko ez den ekimen honek material hezigarri eta kulturala eskaintzen du: istorioa nola kontatu, material teknikoa eta dekoratua nola prestatu, entseguak nola egin eta filmaren grabazioari eta edizioari nola ekin… Izan ere, Etxebegiak proiektuak zinema arloko jakintzarik ez dutenengan jarri du arreta, eta zinemaren asmatzaileei buruzko informazioa, zinema-hizkuntzaren asmatzaileak aurkeztutako proposamenak, filmak… jasotzen dituen gida didaktikoa eta zine lengoaiaren gida prestatu ditu. Hala, hasiera-hasieratik film labur bat sortzen ikasiko dute herritarrek
Parte hartzaileek ez dute inolako gai jakinik jorratu beharko derrigorrez, konfinamenduaren errealitatea irudika dezakete edota zinemaren historiako eszena mitikoren bat erreproduzitu. Hala, nahi izanez gero, material didaktikoan jasotako Lumière minutua (zinemaren asmatzaileei egindako omenaldia) edota Alice Guy minutua (zinema-hizkuntzaren asmatzaileari omenaldia) ereduei jarraitzeko proposamena luzatu dute.
Maiatzaren 1era arte dago lanak bidaltzeko epea zabalik, baina antolatzaileek ohartarazi dute alarma egoeraren bilakaeraren arabera luzatu ahalko dutela. Film laburrak sortzeari ekin nahi diotenek formulario bat bete beharko dute lehenbizi, eta grabatutako bideoa igo dagokion atalean. Film laburraren izenburua, deskribapena, kredituak, familiaren argazkia, helbide elektronikoa eta harremanetarako telefonoa adierazi beharko dira.
#Etxebegiak Sariak banatuko dituztela ere jakinarazi dute egitasmoa prestatu dutenek. Epaimahaiak hiru sari banatuko ditu: SADE zinemetarako bi opari-txartel (300 eurokoa film labur onenarentzat eta 150 eurokoa publikoaren sariarentzat). Gainera, ideia original onenak gau bateko egonaldia irabaziko du Astoria7 hotelean, gosaria barne, Donostia Saria jaso duen aktore baten omenezko gelan. Film sarituaren lantaldeko sei pertsonak izango dutegauazinema-izarren hotelean pasatzeko aukera. Horrez gain, ikus-entzunezko finalistek pantaila handira jauzi egingo dute Begiradak Nazioarteko Amateur Zinemaldiaren eskutik. Izan ere, zinema-sektoreko profesionalek moderatuko duten mahai-inguru batean proiektatuko dira.
- Ikus itzazue hemen lehiaketaren oinarriak.
- Ikus ezazue hemen gida didaktikoa.
- Ikus ezazue hemen zine lengoaiaren gida.
- Ikus ezazue hemen film laburrak editatzeko gomendatu duten doako programaren tutoriala.
Informazio gehiago SADEren webgunean.