Behobia – Donostia lasterketak 100 urte bete zituen 2019ko martxoaren 30ean. Gertaera historiko, sozial eta politiko ugarik kirol ekitaldian izan duten eragina, eta honen urteetako bilakaera bildu ditu Bira Produkzioak taldeak sortutako dokumentalak. Estreinaldia igandean, hilak 12, 12:00etan izango da ETB1n.
Lasterketaren talde antolatzaileak eta Fortuna KE-ren zuzendaritzaren enkarguz, urtebetez aritu dira Bira Produkzioak taldeko sortzaileak informazioa, lekukotzak, dokumentu grafikoak… biltzen, lasterketaren historia eta mugarriak bilduko zituen ikus-entzunezkoa osatzeko. Denbora eta ilusioa eman dizkiote proiektuari, eta, azkenik, heldu da Behobia-Donostia, 100. Urteurrena (2020) dokumentala aurkezteko unea.
Kontziente dira egunotan estreinatzeak suposatu dezakeen zailtasunarekin, baina arduradunek azaldu dutenaren arabera, ikusleak gozaraztea eta filmak emandakoarekin identifikatuak sentitzea litzateke helburua. Izan ere, mende oso baten igarotzeak erakusten du Behobia izenez ezagututako lasterketa herri honetan errotutako ekimena dela, bai korrikalari eta baita boluntario gisa parte hartu edota espaloitik txalotzen duen publikoarentzat.
Estreinaldia igandean, hilak 12, 12:00etan izango da ETB1n eta eitb.eus-en, eta, ondoren, Nahieran jarriko dute 24 orduz EITB. Europako jaialdi eta erakustaldi desberdinetan estreinatzea izango da emango duten hurrengo urratsa.