Luze dirau konfinamenduaren kontuak. Lehenengo egunetan kultur programazioa irauli egin zuela ikusi genuen, eta eragileek beren edukiak modu librean partekatzen erantzun zioten. Hirugarren astea dugu, baina, eta hasierako elkartasun guzti hori alde batera utzita, ZINEAn ikus-entzunezkoen sektorean guzti honek eragin dituen ondorio eta kalteak bildu eta ikusaraztea interesgarri izan daitekeela uste dugu. Hain zuzen, salbuespen egoera honen argi-ilunak bizi ditu ondorengo protagonistak:

Ekain Albiteren (Zumaia, 1999) Haizearen egia film laburra Zumaiako Aita Marin aurkeztu behar zuten iragan martxoaren 27an, ostirala, Sahararekin lotutako dinamikei eskinitako astearen baitan. COVID-19 gaitzaren zabalkundea gelditzeko konfinamendu deiak, ordea, etxean gelditzera behartu zituen, eta lan-taldeko kideek arduraz jokatzea erabaki zuten.

Tindufeko errefuxiatuen eremuan, Zestoan eta Zumaian errodatu zuten filma 2019 urtean zehar, eta Tahar-en istorioa kontatu du: Saharako 20 urteko mutil gaztea da, eta Euskal Herrian bizi da. Haren familiak Tindufeko errefuxiatuen eremuan bizitzen jarraitzen du. Dei bat jasoko du Taharrek handik: aita hilzorian dago. Saharar gaztea etxera itzuliko da eta, aitaren gorputza garbitzen duen bitartean (musulmanen usadioa), aurre egin beharko die iraganari, oroitzapenei eta kontraesanei.

Zaintza eta auzolana izan dira proiektuaren ezaugarri nagusiak, eta orain ere premisa horiei heltzea erabaki du lantaldeak. Lasaitasunez, pazientziaz eta, hau dena igarotakoan, publikoari aurkeztearen ilusioz, filmaren berri eman digu zuzendariak.