20.eguna etxean. Apirila. Udaberria. Etxe pareko margaritak hazi dira. Laister oporrak. Hori dio egutegiak, behintzat. Oporrak etxean. Kar-kar. Oso arraroa da dena, bai. Surrealista. Une batzuetan ‘Aupa Etxebeste’ pelikularen barruan gaudela dirudi. Elena Irureta bakarrik falta da gure egongelan eguzkia hartzen.

Beste askotan, une ilunagoetan, Higinio eta Rosarekin akordatzen naiz. Askoz egoera dramatikoagoa bizi izan zuten, duda barik.

Baina etxean egotera behartuta egoteak, psikologikoki denoi eragiten digu, zalantza barik. Batez ere, gizarte postmoderno honetan aurrera eta atzera ibiltzera ohitu garelako, hamaika gauza eginez paraleloan, zoratzeko moduko erritmo batean. Orain etxean gaude. Irten ezinda, baina burua topera (telelana, teleikasketak, telekirola, telekuadrila, telemaitasuna, telekontzertuak, telebilerak, teleurtebetzeak, teleamamak, telebromak, telebizitza). Eguna amaitu orduko, begiko mina eta guzti. Baina, Higinio eta Rosari moduan, geratzen zaiguna, zera da: maitasuna eta sortzaileak izatea, ameslariak. Gogor eustea gure ametsen mapari, harik eta libre izan arte.

Beste une batzuetan, badirudi reality batean bizi garela egun, gure etxea plató bilakatu dugu, kamera, eztabaida, drama, pasioa, konfesionarioa eta guzti. Txaloak ere ez dira falta. Nominatuak ere ez. Tsunami emozional bat da gure egunerokoa. Naufragoak bezala gaude gure irlan, olatuak mezudun botila noiz ekarriko zain. Sekulako ilusioa egiten du beste naufrago baten berri izateak, gure egoera berberean dagoen norbaitekin konektatzeak hasukortasunean batu eta indartu egiten gaitu.

Egun  batzuetan esnatzean, amamarekin gogoratu eta malko bat ateratzen zaigu, nola egongo ote da bere etxean isolatuta. Deitzean hunkituta. Eurak gerra, gerraostea eta orain pandemia bat ezagutu dute 90 urterekin. Benetan ausartak eta gogorrak. Ondoren, bizilagunaren pijama ikustean barrez lehertzen gara. Zelako pijama xelebrea, ai ama!

Telelana eta eta telekirolaren ostean, arratsaldean, kaxa batean, aspaldiko argazki bat topatu berri. Ze ederra zen hondartzan bainatzen ginen garai hura! Txakurra gerturatu da, hankarekin adierazi garbi adierazi du kalera joateko ordua dela. Aspertuta dago etxean egoteaz, haizea behar du. Beste txakur batzuk usaindu eta arbola eder batean pixa egin. Kaletik ziztu-bizian bueltatu beharra, ea balkoi bateko polizia batek zerbait esan behar digun. Txaloekin berriro hunkituta, gainera bizilagun batek hainbeste gustatzen zaizun ‘Lau Teilatu’ jarri berri. Itoiz edo EH Sukarra taldearen bertsioa nahiago? Garagardo bat atera balkoira eta parekoaren eztabaidatzeko aukera ederra.

Eguneko tsunami emozionalaren klimaxa filme batekin amaitzea aukera ederra da.

Zein pelikula aukeratu une honetan? Galdera ona. Askok egin didatena azkenaldian. Mmm… nire ustez komedia, komedia erromantiko, thriller edota dokumentalak. Egia esan, drama eta distopiek angustia apur bat sortu dezakete egoera honetan. Hori ondo kudeatzen dakienak, aurrera. Baina, nik uste oxigenoa beharrezkoa dela orain, koloreak, barre egitea, burua entretenitzea, ondo pasatzea…Negar egiteko badago telebista edota bizitza bere une askotan.

Hortaz, nire pelikula kuttuna gomendatuko dizuet: Amélie (Jean-Pierre Jeunet, 2001, Frantzia).

Gogoan dut ikusi nuen lehen aldia. Lagun baten etxean izan zen. Azterketa garaiko ostiral gau batean. 2006.urtea izango zen. Unibertsitatean hasi ginenean.

Egun horta hasi zen dena. Istorioarekin maitemindu egin nintzen. Obsesionatzera heltzeraino. Lagunari pelikula eskatu eta aste horretan lau aldiz ikusi nuen. Magikoa zen. Orduan pelikula eta posterra erosi nituen.

Oso-oso pelikula berezia da. Parisen kokatzen den komedia erromantiko honetan nortasun bereziko emakume baten bizitza ezagutzeko aukera izango duzu. Bere ikuspuntutik. Paris ezagutzeko bidaia ederra da,Yann Tiersenen musika zoragarria bidaide duzula. Argazki zuzendaritza bikaina dauka: koloreen magia saturazioa, argia, planoen konposizioa, kamera mugimenduak, plano subjektiboak, lokalizazio berezien xarma…

Gidoiari erreparatuz gero, narratiboki oso ondo kontatua dago ‘off’-eko ahotsari esker. Hasieratik engantxatzen zaitu, paralelismo oso interesgarriak erabiliz pertsonaiak aurkeztu eta testuinguruan kokatuz. Oso ondo josita daude tramak, pertsonaiak eta egitura. Ikus-entzunezko lengoaian oso trebea da Jeunet. Bere beste proiektutan ikusi daitekeen moduan. Bere pelikulak oso bereziak dira. Oso ona da istorioak kontatzen eta unibertsoak sortzen. Zuzendari fina.

Sinopsiari dagokionez, Amélieren xedea bizitzan beste pertsonei laguntzea da. Oso pertsona enpatikoa da. Oso idealista ere bai. Ameslaria. Ausarta. Maitagarria. Nortasun handiko pertsonaia. Injustiziak gorroto ditu. Maitasun eta ametsen artean galtzen da Pariseko kaleetan barrena.  Xarmangarria eta magikoa da bere unibertsoa: bere etxea, gnomoa, kafetegia, Montmartre, bizilagunak, Sena, arraintxoa, koloreak, musika, narratiba, jantziak, artearen diseinua, bere irribarrea…

Erreferente bat da Amélie zine frantziarrean ‘Nouvelle Vague’ eta gero.

Pelikula frantziar honek izugarrizko arrakasta izan zuen zine aretoetan. Frantziako filmerik arrakastatsuena izan da ‘Intocable’ eta gero. Cesar sari gehienak irabazi zituen, bi BAFTA dauzka eta Oscar sarietan hainbat izendapen izan zituen. Komedia erromantikoen artean izarra da, Paris aipatzen denean zinegile askori burura datorkien istorioa da ‘Amélie’. Zine frantsesa maite dugunon artean Lumière, Melies, Jean Renoir, Truffaut eta gero, gure kuttuna.

Arestian aipatutako arrazoi guztiengatik, egun hauetan Amélie ikustera gonbidatzen zaituztet. Ikusi edota berrikusi ezazue. Gustatu ala ez gustatu tarte goxo bat pasatzeko aukera polita da. Parisko kaleetan barrena galdu, gozatu argazkiarekin, amestu musikarekin eta maitemindu Amélierekin. ‘Garai zailak dira ameslariontzako’ esaldia aipatzen da filmean zehar. Hala da, une hau ez da bizi izan dugun erosoenetarikoa, txarragoak ere izan dira historian eta batek daki zer etorriko zaigun. Baina, segi daigun amesten eta maitatzen.

Gora udaberria! Gora Amélie! Gora Zinea! 🎬

Besarkada bat danoi. Eutsi goiari! ❤