Luze dirau konfinamenduaren kontuak. Lehenengo egunetan kultur programazioa irauli egin zuela ikusi genuen, eta eragileek beren edukiak modu librean partekatzen erantzun zioten. Hirugarren astea dugu, baina, eta hasierako elkartasun guzti hori alde batera utzita, ZINEAn ikus-entzunezkoen sektorean guzti honek eragin dituen ondorio eta kalteak bildu eta ikusaraztea interesgarri izan daitekeela uste dugu. Hain zuzen, salbuespen egoera honen argi-ilunak bizi dituzte ondorengo protagonistak:

Programazioa beteta eta ekimenen egitaraua itxita, jaialdiaren atarian harrapatu zituen konfinamendu aginduak Huhezinema Euskal Film Laburren jaialdiko antolatzaileak. Ezezagunera salto egin, online egin behar izan dute aurtengo ekitaldia: martxoaren 25etik 27ra bitartean ospatu dute, eta Euskal Herrian egindako lanen lagin bat izan da bertan ikusgai.

Nolakoa izan da abentura? Nola moldatu dira, horren epe laburrean, egoera ezezagun honetara? Positiboa izan da publikoaren erantzuna? Iban del Campo irakasle eta zinemagilearen gidaritzapean, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko (HUHEZI) laugarren mailako ikasle talde bat arduratu da lanketa guztiaz, eta zailtasun pozik azaldu dira emaitzarekin.

Asier Toledo komunikazio lantaldeko kidearen bitartez ezagutu dugu egindako laren balorazioa:

 

Horrez gain, Iban del Campo koordinatzailearen hitzak jaso ditugu ere. Hasieran zalantza ugari izan zituztela onartu digun arren, egindako lanaz pilatutako energiak bide berriak arakatzeko erabakia hartzera eraman zituela azaldu du. “Lana eta imaginazio askorekin, lortu dugu. Ezjakintasun askorekin, baina hasierako grin hori mantenduta, jaialdia aurrera atera dugu”.

Irakasleak jaialdian parte hartu duten egileen ulermena eta konpromisoa eskertu ditu, eta baita jaialdia online jarraitu duen publikoaren babesa ere. Izan ere, inoizko ikusle kopururik altuena izan du 13. edizioak. Halaber, hau dena igarotakoan ekitaldi berezi bat egitea pentsatzen ari direla iragarri du, sari banaketa ekitaldia ospatu eta ohikoa duten luntxa egiteko.