Duela gutxi hil diren zuzendari eta aktoreak omenduko ditu Kresala Zineklubak apirilean. Martxoan hasitako ekimenari jarraipena emanez, astelehenero, film bati buruzko solasaldia eskainiko dute zuzenean Instagram bidez, eta komentatuko dituzten film guztiak Filmin plataforman daudela gogorarazi dute. Saio bakoitzean, gainera, gonbidatu bereziek parte hartuko dute, hala nola, Paula Arantzazuk, Julia Gaitanok edota Amaia Garciak.
Apirilean sartu berri gara eta oraindik ere beste zenbait astez ezin izango gara zinema aretoetara hurbildu. Hala ere, Martxotik martxan duten egitasmoarekin jarraitzeko asmoa erakutsi dute Kresala Zineklubeko kideek, izan ere, koronabirusak eragindako osasun krisiari aurre egin eta ohiko jarduna guztiz eten ez nahian dabiltza. Aurreko hilabetean egin bezala, oraingoan ere zineklubak Trueba zinema gure etxeko pantailetara hurbildu eta zuzeneko solasaldiak eskainiko dizkigu bere Instagram kontuan.
Ingmar Bergman zuzendari suediarraren film esanguratsuenetan ikusi dugun Max vox Sydow aktoreari eskainiko diote lehen omenaldia, izan ere, apirilaren 6an (astelehena) Uppsalan jaiotako zinegilearen En passion (1969) lana komentatuko dute. Aste berean, ostegunean, Frantzia aldera egingo dute jauzi frantziar zinema modernoaren, eta batez ere, Nouvelle Vague mugimenduaren ikur handienetako bat goratzeko. Freskura, askatasuna, bizitasuna, axolagabetasuna… 60ko hamarkadako zinemagintza europarrak zituen ezaugarriak bere egin, eta garai hartako emakumeak berarekin identifikatzea lortu zuen Anna Karina ekarriko dute gogora. Jean-Luc Godarden Le petit soldat (1960) filmaz arituko dira hizketan.
Duela oso gutxi hil ziren Jose Luis Cuerda eta Lucia Bose, eta omenaldiz betetako hilabete honetan ezin izan dira zinegile espainiarraz eta Milanen jaiotako aktoreaz ahaztu. Apirilaren 13an (astelehena) Cuerdaren El bosque animado (1987) komentatuko dute; hurrengo astelehenean, aldiz, Michelangelo Antonioni zinegile italiarraren Cronaca di un amore (1950) lana izango dute hizpide, bertan aritu baitzen lehenengoz Bose kamera aurrean.
Apirilari bukaera emateko, hilaren 27an western generoko filma ikusteko etxeko-lana bidaliko digute Kresala Zineklubeko kideek. Izan ere, Kirk Douglas omentzeko Gunfight at the O.K. Corral (John Sturges, 1957) pelikulari buruz ariko dira gonbidatuak solasean.
Informazio guztia, hemen.