Euskaltel telekomunikazio konpainiak  Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiko filmak ikusgai jarri ditu Replayteka zerbitzuan. Apirilaren 5era arte, Zinegoak jaialdiko aurreko edizioetako istorioen bilduma bat eskainiko du.

Martxoaren 8ra bitartean egin duten 17. edizioak “aho zabalik utzi” dituela adierazi du Euskaltelek kaleratu duen agirian, eta jaialdiaren aurtengo leloarekin bat egiten dutela  aldarrikatuz, aurreko urteetan ikusgai egon diren nazioarteko film laburrak bezeroei doan erakusteko erabakia hartu du: “Euskaltelen aniztasunarekin konprometituta gaude. Hori dela eta, gure aletxoa jarri dugu Zinegoak jaialdia eta hark bultzatzen dituen balioak zabaltzen laguntzeko”.

Jarraian Euskaltel telekomunikazio konpainiak Replayteka zerbitzuan ikusgai jarri dituen lanak:

  • Cocodrilo (Jorge Yudice, Espainia): Aliciak arratsaldero ikusten du YouTubeko bere kanalik gogokoena, VictorGaming, ekintza-roleko bideo-jokoei buruzkoa. Egun batean, Víctor youtuberrak zuzenean jarraitzaileen galderei erantzuteko asmoa agertuko du, eta Aliciak gauza oso garrantzitsu bat esan nahiko dio.
  • Ad Lib (Leire Acha, Cristina Vaquero, Arantzazu Martinez, Eurie Cierbide, Irene Velcasco, Beñat Etxaburu, Sara Nikte Berrozpe, Euskal Herria): Dantzaren eta musikaren bidez, maitemindu egingo dira bi pertsona, munduak maitasun hori bazterrean utzi nahi duen arren.
  • XY (Anna Karín Lárusdóttir, Islandia): Lisa, 15 urteko neskato bat, beti sentitu da desberdina eta lagunartetik urruti; egun batean, bere gorputzari eta bere historia medikoari buruzko aurkikuntza itzel bat egingo du.
  • Jess (Agnes Coleman, Costa Rica): Costa Ricako gizon trans bat da Jess; bere genero-identitatea nortasun-agirian jasotzea lortu duen lehenengo gizon trans migratzailea Costa Rican. Genero-intersekzionalitate desberdinak bizi dituzten pertsonen bizitzeko eskubidea defendatuko du.
  • La Mariachi (Adán Ruiz, México): AEBko muga pasatu nahian zebilela, pertsona-trafikatzailetzat hartu, eta espetxeratu egin zuten Nancy. Orain, Mexikon bizi da, Teo emaztearekin eta semearekin, eta familia mantentzeko, Garibaldin kantatzen du, mariatxien sorlekuan.

Informazio guztia, hemen.