Ba al dakizue Alice Guy izan zela, 1896. urtean, zinemaren historiako fikziozko lehen filmaren sortzailea? Hori eta zinema feministaren historia osatzen duten beste hainbat datu ezagutaraziko ditu Ingrid Guardiola irakasle, errealizadore eta kultura-ikertzaileak, #TabakaleraEtxean traolaren bidez, Donostiako zentroak zabaldutako hitzaldian.

Berezko duen izaera publikoa eta kulturaren garrantzia aldarrikatu nahi ditu “are eta sendotadun handiagoarekin” Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak. Hala, bizi dugun osasun krisialdi egoerari aurre egiteko “ahalik eta kultur eskaintza aberats eta zabalena eskura jartzeko ahalegina” egingo dutela iragarri dute zentroko arduradunek. Egunero, zentroak bere artxiboko eduki interesgarrienak gehituko ditu webgunean ahalbidetu duen zerrendara, eta sare sozialetan partekatuko dituzte ere.

#TabakaleraEtxean traolapean, ekitaldiak zuzenean streaming bidez jarraitzeko aukera dago, eta orain arte jasotako hitzaldi, aurkezpen eta bestelako jarduerak zabaltzen hasi dira. Bada, Alice Guy, Germaine Dulac, Maya Deren eta Marie Menken zinegileen ekarpena oinarri izan zuen saioa izan da horietako bat.

Historia guztiek daukate hasiera bat. Baina ez dago historia bakarrik. Kontalari bakoitzak sortzen du bere historia hitzez hitz. Pelikulaz pelikula zinemaren historiaren kasuan. Eta historia guztiek hasiera bat daukaten bezala, zinemaren historia bakoitzak lehenengo pelikula bat dauka. Askotan Lumière anaien La sortie de l’usine à Lyon izaten da lehenengo pelikula hori.

Hasieratik. Zinema feministaren historiak fokuak ibilbide berri baten bitartez zinemaren historia kanonikotik kanpo gelditu diren emakume zuzendariak eta beraien pelikulak ezagutaraziko ditu, historia berri posible bat osatuz. Hala, 2018an abiatutako erakustaldiari gehitu diote, zinema feministaren genealogia handituz. Emakume zuzendarien izen gehiago berreskuratuz, ezagutuz, gogoratuz, aldarrikatuz. Zinemaren historia, beste edozein historia bezala, etengabe berridatzi behar baita kontakizun plural batean bilakatuz.

Lur Olaizola Tabakalerako ikus-entzunezkoen programatzaileak Ingrid Guardiolak gidatutako solasaldiaz gozatzera gonbidatu gaitu horrela, zinema feministarenn sortzailen aitzindarien lana ezagutu – Alice Guy, Germaine Dulac, Maya Deren, Marie Menken-, eta garaiko zinemagintzaren beste hainbat sekretu ezagutzeko. Ikusi saioa hemen.