Women Make Film: A New Road Movie Through Cinema

Zuzendaria: Mark Cousins
Herrialdea: Britainia Handia
Urtea: 2019

-Venusen zine eskola-

Mark Coussins, saiakeragile eta kritikaria, gure artean dugu berriro. Oihartzun handia izan zuen THE STORY OF FILM: AN ODYSSEY(2011) telesailarekin zinemaren historia gogora ekarri, “klasikoak” aztertu eta industriaren nondik norakoak mahaigaineratu ondoren, eta oraingoan emakume zinemagileen begiradak izango ditu oinarri zinema mundura gerturatzeko. Hauen lanak aintzat hartuz, zinemaren historian merezi duten tokia berreskuratu dezaten.

Baina WOMEN MAKE FILM (2019) telesailak ez digu zuzendari hauen ibilbidea kontatuko, ezta zergatik ez zuten merezitako ohiartzuna lortu azalduko. Ez digu zinemaren “beste historia” kronologikoki adieraziko, eta ez du emakumeek zuzendutako film hoberenen zerrenda eskainiko. Ez ditu ere ez gizonen eta emakumeen zinemaren arteko desberdintasunak aztertuko. Mark Coussinsen proposamena bestelakoa da: mundu osoko emakume zinemagile desberdinek 1943-2013 urteetan zehar sortutako lanen inguruko ikerketa zinematografikoa eskaintzea. Eta nola ez, emakumezko zuzendariak izango dira masterclass honetako irakasleak.

Hartu arkatza eta papera, WOMEN MAKE FILM hastera doa eta.

Telesaiaren 14 kapituluetan zehar, Coussinsek film desberdinen sekuentziak aurkeztu eta hauen bereizgarritasunak -irekierak, tonua, sinesgarritasuna, pertsonaiak, elkarrizketak, enkoadraketa, travelina, eszenaratzea, muntaia, ikuspegia, lehen planoak, erritmoa, generoak, soinu banda eta amaierak, besteak beste- aztertuko ditu. Dokumental bezala oso konbentzionala bada ere, hain dira ikaragarriak sekuentzia batzuk eta ezezagunak beste batzuk, telesaiak guztiz harrapatzen duela ikuslea.

Gainera, kontalariek -Tilda Swinton, Jane Fonda, Debra Winger, Adjoa Andoh, Kerry Fox, Thandie Newton eta Sharmila Tagore- kotxez egingo duten bidaiak gidatuko du lan guztia, film desberdinen analisia bideratuz eta dokumentala road trip didaktiko batean bilakatuz.

Tamalez, sekuentzien analisiak askotan ez dira behar bezain sakonak eta nik ez dut beti bat egiten filmen aukeraketarekin. Baina Coussinsek lehen kapituluan adierazten duen bezala, “Baliteke zure film edo zuzendari gustokoenak ez agertzea. Helburua ez baita emakumeek zuzendutako filmen aukeraketa zehatza egitea, ikusleei aurkikuntzak eskaintzea baizik. Ikusle bakoitzak bere ezagutza zinematografikoaren mugak gainditzea”.

Eta lortu egiten du. Ospea lortu duten zinemagileez gain -Agnes Varda, Ida Lupino, Chantal Akerman, Kathryn Bigelow, Lynne Ramsay, Maren Ade edo Andrea Arnold- WOMEN MAKE FILM telesaiak beste asko ezagutaraziko ditu. Zergatik ez dugu Txina, Iran, Australia edo Finlandiako emakumezko zinemagileen lana ikusteko aukerarik izan? Zergatik ez dute banatzailerik edo ibilbiderik izan?

Dokumentalak aurrera egin ahala, geroz eta luzeagoa da nire “Ikusi-beharrekoen zerrenda”. Azken finean, WOMEN MAKE FILM hasiera besterik ez da. Telesaia ikusi ondoren, historiak gaizetsi dituen maisulan ugari ikusi nahiko dituzu eta.

MOVIESTAR+ -en dago ikusagai Venusen zinema masterclass hau. Ezinbestekoa egun bizitzen ari garen itxialdiari etekin ateratzeko, eta industriak isilarazi duen zinemaren “beste historia” ezagutzeko.