#TabakaleraEtxean traolapean, Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren ekitaldiak zuzenean streaming bidez jarraitzeko aukera ematen hasi dira asteburuan. Zinema ere bada, nola ez, egitarau horren oinarri, eta Santos Zunzunegik komisariatzen duen ‘Zinemaren Historia’ fokua gomendatu du Lur Olaizola egitasmoaren koordinatzaileak.

Berezko duen izaera publikoa eta kulturaren garrantzia aldarrikatu nahi ditu “are eta sendotadun handiagoarekin” Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak. Hala, bizi dugun osasun krisialdi egoerari aurre egiteko “ahalik eta kultur eskaintza aberats eta zabalena eskura jartzeko ahalegina” egingo dutela iragarri dute zentroko arduradunek. Egunero, zentroak bere artxiboko eduki interesgarrienak gehituko ditu webgunean ahalbidetu duen zerrendara, eta sare sozialetan partekatuko dituzte ere.

#TabakaleraEtxean traolapean, ekitaldiak zuzenean streaming bidez jarraitzeko aukera dago, eta orain arte jasotako hitzaldi, aurkezpen eta bestelako jarduerak zabaltzen hasi dira. Bada, Nolakoa izango litzateke zinemaren historia iraunkor bat? Etengabe berridazteko bere iturriak behin eta berriro bisitatuko lituzkeena? Borgesen istorio txiki baten forma daukan galdera honek Elías Querejeta Zine Eskolarekin elkarlanean aurten martxan jarriko duten ziklo-asignatura aurkezteko aukera zabaldu du.

Kurtso bakoitzean zinemagintza eremuko profesional bati (zinegile, artista, teoriko, eta abar) eskatuko diote zinemaren historiako pelikulen aukeraketa partikularra egin dezan, eta pelikula zerrenda hau izango da zinemaren historia posible eta ezinezkoei buruz hausnartzen jarraitzeko baliabidea.

Santos Zunzunegui – ikus-entzunezko komunikazioko katedraduna EHUn, zinema-kritiko eta ikerlaria- izan zen 2019/2020 ikasturteko lehen gonbidatuetako bat, eta, hain zuzen, berak gidatutako saioa gomendatu du Lur Olaizola Tabakalerako zinema-programazioaren arduradunak.

Jarraian duzue ikusgai:

https://vimeo.com/370879504