Euskal Herriko ekoiztetxeek ere bat egin dute gizarte mailan hainbat kultura eragile eta zentrok hartu duten erabakiarekin. Hala, COVID-19 birusak etxean geratzera behartu gaituen honetan, Txintxua Films ekoiztetxea film labur bana partekatzen ari da sare sozialetan egunero.

Marian Fernandez Pascal ekoizleak Asier Altuna zuzendari eta gidoigilearekin batera Txintxua Films ekoiztetxea sortu zuen 2008an. Bertsolari (Asier Altuna, 2011), Amama (Asier Altuna, 2015), Sipo Phantasma (Koldo Almandoz, 2016), Dantza (Telmo Esnal, 2019) eta Oreina (Koldo Almandoz, 2018) lan arrakastatsuak osatu dituzte bertatik.

Hala ere, film labur ugari ere ekoitzi dituzte, eta koronabiruaren krisiak eragindako konfinamendu eta itxialdiari aurre egiteko asmoz horiek sare sozialetan partekatzea erabaki dute: “Guzti hau hobeto eman dezagun, gure lanak utziko dizkizuegu egunean minutu batzuk zineaz gozatzeko”.

Aurreko astean ekin zioten egitasmoari, eta dagoeneko Asier Altunaren Zela Trovke (2013) eta Soroa (2014) zein Koldo Almandozen Hubert Le Blonen azken hegaldia (2014) jarri dituzte ikusgai.