COVID-19 birusak etxean geratzera behartu gaituen honetan, ikus-entzunezko hainbat lan denon eskura utzi dituzte kultura eragile, zentro eta erakundek. Doxa Producciones ekoiztetxeak, adibidez, hiru film ikusteko aukera luzatu du: Asier ETA biok (Aitor eta Amaia Merino, 2013), 592 metroz goiti (Maddi Barber, 2018) eta 163 días. La huelga de bandas (Larraitz Zuazo, 2017).

Euskal Herriko ekoiztetxeek ere bat egin dute gizarte mailan hainbat kultura eragile eta zentrok hartu duten erabakiarekin. Hala, Doxa Producciones ekoiztetxeak hiru film partekatu ditu bere webgunean:

Aitor eta Amaia Merino donostiarren Asier ETA biok lanak Madrilera bizitzen joan den Aitorren beraren eta ETAko kide izandako haren lagun Asierren arteko harremanari helduko dio. 61. Donostia Zinemaldian aurkeztu zuten, eta jaialdiko Irizar saria eskuratu zuen.

Maddi Barber zinegile iruindarraren 592 metroz goiti lan dokumentala Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean estreinatu zen 2018an, eta Kimuak katalogorako hautatu zuten ere. Itoitzeko urtegiaren eraikuntzak sortu duen itzulbide gabeko egoera erakutsiko du lanak.

Larraitz Zuazo zinegile eta irakasleak zuzendutako 163 días. La huelga de bandas lanak, aldiz, 1966an Etxebarriko “Laminación de Bandas en Frío” enpresako langileek hasitako Frankismo garaiko grebarik luzeena izango du mintzagai.