Onlineko kanalen bidez zabalduko du Azkuna Zentroak bere eskaintza kulturala. COVID-19 gaitzaren zabalkundea gelditzeko hartutako konfinamendu neurrien aurreran, etxean kultura garaikidea bizitzeko leihoa zabalduko dute #AzEtxean traola erabilita.

«Aldaketa-egunak dira hauek, lan- eta gizarte-ohitura berrietara egokitzekoak. Baina krisi oro aukera bat da, eta Azkuna Zentroa – Alhondiga Bilbaok horrela bideratu nahi du une hau: kulturaz beste era batera eta beste asti batez gozatzeko aukera izan dadin», azaldu dute. Izan ere, “hurbil egon, elkarri lagundu” eta elkar konektatzen jarraitzeko sareak eraiki nahi dituzte,”gizarte gisa dugun egoera konplexu eta delikatuenetako bat dena, jasaten laguntzeko”.

Ezarritako kontentzio-neurriak direla eta, Azkuna Zentroaren ate fisikoak itxita daude, baina online kanalen leihoak “parez pare” ireki dituztela jakinarazi dute, eta, hain zuzen, horien bidez egingo dutela aurrera kultur-programazioarekin. Astero proposamenak egingo dira, ikusleen komunitate guztiek arte garaikidearekin, arte eszenikoekin, soinuarekin, zinemarekin, ikus-entzunezkoekin, literaturarekin edo kultura digitalekin esperientziak izaten jarraitzeko.

#AzEtxean ekimenaren bidez, programazioaren hainbat alderdi ezagutzea edo horien gainean itzultzea proposatuko dute. Gainera, webgunetik e-liburutegi birtualera sar daiteke, Azkuna Zentroa horren parte baita. Zentroak, astero, plataforma horren bidez eskura daitezkeen liburu, film eta dokumentalen gomendioak egingo ditu, besteak beste, Zinemateka martxan duen Zinemaren historiako 50 harribitxi zikloko zenbait titulu.

Azkuna Zentroak datozen asteetan emango die bere online proposamenei. “Une hauetan inoiz baino garrantzitsuagoa da gizarte gisa inguruabarren mailan egotea eta auto-babeserako eta erantzukizun kolektiboko prebentzio-neurriei jarraitzea, laster berriro esperientziak partekatu ahal izateko”, gogorarazten dute, “orain gehien axola zaiguna zuen osasuna eta zuen familiena baita”.