Covid-19 gaitzaren zabalkundea eteteko deitutako larrialdi egoeraren ondorioz, arduraz jokatu eta bertan behera utzi ditu Topatu Gazte Proiektu Komunikatiboak Zizelkariak (2019) dokumentalaren herriz herriko aurkezpenak. Horren ordez, osorik eta doan jarri dute ikusgai komunikabidearen Youtube kanalean.

Euskal Herriko periferia geografikoetan bizi diren sei gazte dira Zizelkariak (2019) dokumentalaren protagonistak, ertzetako borroketatik Euskal Herri bizi baten gazte mugimendua irudikatuko duten sei esperientzia: Arkaitz, Ezkerraldeko Harian gazte talde prekarioko kidea; Edurne, Tuterako Erribera Intsumisa neska gazte talde feministako kidea; Maika, Aldudeko Ibarrean etxebizitzaren gaia lantzen duen AIBA taldeko kidea; Martta, Donapauleko euskalgintzan eta kulturgintzan ari den gaztea; Ibai, Irunberriko musikaria eta musika talde gazte ugaritako kidea; eta Jon, Arabar Errioxako gazte asanbladako kidea.

Sei gazte hauek euren herrietan bizi duten errealitatearen testigantza eskainiko dute, lurralde bakoitzean aurrera eramaten dituzten borroken berri emanez. Era berean, euren herrietan eta, oro har Euskal Herrian, etorkizunean garatu beharreko dinamika eta funtzionamenduak ekarriko dituzte erdigunera, “elkarrekin Euskal Herri bat amestu eta irudikatzeko”.

Dokumentalaren ekoizpenak sortutako gastuei aurre egiteko, crowdfunding kanpaina abiatu zuten itsulapikoa.eus plataforman, eta 5.680 euro lortu zituzten. Tuteran aurkeztu zuten dokumentala 2019ko azaroaren 30ean, eta ordutik, aurkezpen biran aritu dira sortzaileak. Durangoko Azokan, Irudienean; Hendaian; Donostian; Donapaulen; Mamariagan; Alduden; Eibarren; Otxarkoagan; Baionan; Iruñean; Irunberrin; Eskuernagan; Burandon-Gatzagan eta Gasteizen, besteak beste.

COVID-19aren aurrean hartutako segurtasun neurri zorrotzek aurkezpenak eten badituzte ere, itxialdia arintzeko neurriak iragarri zituzten beren sare sozialetan. Bada, gehiegi atzeratu gabe, sarean zabaldu dute ikus-entzunezkoa, osorik eta doan.