La trinchera infinita (2019) filmak zortzi hautagaitza eskuratu ditu Zinema Iberoamerikarraren Platino Xcaret Sarietarako. Sari-banaketako zazpigarren edizioa maiatzaren 3an egitekoa zen Riviera Mayako Barceló Maya Convention Centerren (Mexiko), baina koronabirusaren krisia dela eta, atzeratu egin dute.

Zinema-industria iberoamerikarraren hitzordu garrantzitsuena da Platino Xcaret Sariena, baina akademikoek ezin izango dute, aurreikusi bezala, maiatzaren 3an garailerik izendatu. COVID-19 birusa Latinoamerikara ere iritsi da, eta ondorioz, osasun larrialdi egoerak neurri zorrotzak hartzera behartu ditu agintariak. 2021en egingo dute aurtengo zazpigarren edizioko sari-banaketa ekitaldia, hala ere, hautagaitzak iragarri egin dituzte. Denen buru, Jon Garaño, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagak zuzendutako La trinchera infinita pelikula ageri da, izan ere, zortzi errekonozimendu lor ditzake:

  • Fikziozko pelikula iberoamerikar onena
  • Zuzendari onenak (Jon Garaño, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga)
  • Gidoi onena (Jose Mari Goenaga eta Luis Berdejo)
  • Gizonezko aktore onena (Antonio de la Torre)
  • Emakumezko aktore onena (Belén Cuesta)
  • Argazki onena (Javi Agirre Erauso)
  • Muntaketa onena (Laurent Dufreche eta Raúl López)
  • Zuzendaritza artistiko onena (Pepe Dominguez)

Angel Alonsok zuzendutako Elkano, lehen mundu bira filmak, ordea, animaziozko pelikula onenaren saria jaso dezake. Mendebalderuntz nabigatzeko erabakia hartu ondoren lurraren lehen zirkumnabigazioa lortu zuen gizonari, Juan Sebastian Elkano itsasgizonari, egindako omenaldia Polonia, Portugal, Ekialde Ertainean eta Errusian aurkeztu dute jada, eta duen bokazio unibertsalari jarraiki, Hegoafrikara helduko da laister. Uneotan, Filmin, Ono, Rakuten, Itunes, Google eta Sony plataformetan ikus daiteke eta DVD-a salgai da. Filma, liburu irudiztatu eta La primera vuelta al mundo izenburua duen APParekin batera aurkeztu; eta azken honek, filman agertzen diren kokaleku desberdinetara sarbidea ahalbideratzen du.

Bestalde, Aritz Moreno Ventajas de Viajar en tren (2019) filmean egindako lanagatik zuzendari berri iberoamerikar onenaren Platino saria jasotzeko hautagaia da.