Fermin Muguruzak Nola? (2015) eta Beltza naiz (2018) dokumentalak eskuragarri jarri ditu bere Youtubeko kanalean. COVID-19 gaitzaren krisiak eragindako konfinamendu egoera eramangarriago egiteko asmoz erabaki du artista irundarrak bere sorkuntzaren lagin bat sarean partekatzea. Dokumentalez gain, ikus-entzunezko hainbat lan ere ari da igotzen, hala nola, elkarrizketak, diskoak.

New Orleanseko Katrina urakanaren 10 urteurrenaren harira zuzendutako Nola? dokumentala euskarazko azpitituluekin gozatzeko aukera dute herritarrek Youtuben. Dokumentala burutzeko, musikaria The Big Easy-ra joan zen Irun Meets New Orleans diskoa grabatzera, eta bertako musika ezagutu, moldatu eta interpretatzeko ariketa egin zuen tokiko pertsona esanguratsuenez inguratuta: Preservation Hall Jazz Band talde historikotik Katey Red abeslari bounce-raino. Ohiko dituen diskurtso kritiko eta ironikoarekin, diskoaren grabazioaren kontakizuna ardatz duen lana osatu zuen Muguruzak. New Orleanseko kultura musikal apartari omenaldi bat da.

Bestalde, Black is Beltza proiektuaren adar bat da Beltza naiz dokumentala, izan ere, animaziozko filmaren making-of gisa aurkeztu zuen Muguruzak lana. Proiektuaren transmedia garapena erakutsiko du batetik, eta Iruñeko Erraldoien konpartsak New Yorken 1965an eginiko desfilearen istorioa biltzen duen komikia animazio film bihurtzeko prozesua erakutsiko du bestetik. Youtuben ikusgai egotez gain, Argia aldizkariak bere webgunean duen ikus-entzunezko atal berezian ere dago eskuragarri.