Asteak zeramatzaten Cannesko zinema jaialdiko arduradunek zer egin eztabaidatzen, baina COVID-19 birusak mundu mailan izan duen hedapenak eta eragin duen krisi egoerak ez die bestelako aukerarik eman. Atzo iluntzean eman zuten albistearen berri: maiatzaren 12tik 23ra bitartean ospatzekoa zen zinema jaialdia atzeratu egingo dute, data zehatzik argitu gabe.

1939an jaio zen Cannesko zinema jaialdia baina Bigarren Mundu Gerrak eraginda bertan behera utzi behar izan zuten. Zenbait urte geroago, 1968ko maiatzeko protestak medio, bigarrenez eten zuten, kasu honetan, Jean-Luc Godard, François Truffaut eta Nouvelle Vague mugimenduko zinegile garrantzitsuenek aldarrikatuta.

Bada, 2020ko edizioak ere gorabeherak izango ditu, izan ere, antolatzaileek bertan behera utziko dutela baztertzen badute ere, koronabirusaren krisiaren ondorioz atzeratu egingo dute hitzordua. Ekainaren bukaera eta uztailaren hasiera aipatu dituzte balizko posibilitatetzat, baina alarma egoera baretu bezain laster ezagutaraziko dituzte data berriak. Frantziako eta nazioarteko osasun egoerak baldintzatuko dute azken erabakia.

Atzo iluntzean eman zuten erabakiaren berri, eta ezer baino lehen, jaialdiko ordezkariek “gaitzaren kontra borrokan ari diren guztiekiko elkartasuna” adierazi nahi izan zute. Asteak zeramatzaten eztabaidan, eta aurtengo ekitaldiarekin zer egin apirilaren erdialdean iragarriko zutela errepikatu badute ere, azken egunetako kutsatu eta hildakoen gorakadak espero zen ebazpena eragin du. 10.995 kutsatu eta 372 hildako baieztatu dituzte Frantziako agintariek herrialdean, eta ondorioz, pandemiak bere legea ezarri du.

Irakurri Cannesko zinema jaialdiak zabaldu duen komunikatu ofiziala, hemen.